Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko 2017rako funtsa onetsi da
Zuzkidura KPIa baino bi puntu gehiago handitzen duen eguneratze-formulari eutsi zaio eta horrenbestez 207,1 milioiko funtsa dago, 2016an baino 2,3 milioi gehiagokoa
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren aurkako botoarekin, gaur onetsi egin du Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2017rako ezartzen dituen Foru Legea.
Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren bidez Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak…) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak, berriz (azpiegiturak, sareen berritzea eta saneamendua, kaleei zoladura ematea…), Toki Inbertsioen Planaren bidez finantzatzen dira zati batez. Nafarroako Parlamentuak erabaki du plan hori luzatzea harik eta plan berria onesten den arte.
Legearen xedea da Foru Komunitateko kontsumoko prezioen indizea (KPI) baino bi puntu gehiago handitzea (indizea ekainetik ekainera neurtuta) 2017rako aurreikusitako funtsaren zuzkidura. Kontuan izanik urte arteko KPIa negatiboa izan dela (– % 7), toki ogasunek % 1,3ko igoera garbia izanen dute, alegia, 2,3 milioi gehiago jasoko dituzte.
Hala, iraganeko murrizketak konpentsatu nahian, 2011n egin zen aldaketaren aurreko eguneratze-formulari eutsi zaio. Aldaketa horrek KPI soilari lotu zion igoera eta “toki entitateen finantza-iraunkortasunerako ondorio oso larriak ekarri zituen”.
Toki ogasunek tributuetan parte har dezaten 2017an indarrean egonen den funtsaren zenbateko osoa 207.159.063 euro da; horietatik, 177.004.077 euro transferentzia arruntetarako izanen dira, 24.155.895 euro Iruñeko Udalaren Hiriburutza Agirirako, 5.596.373 euro Nafarroako udaletako kideei ordaintzeko eta 403.318 euro Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat.
Udalek, beren zinegotzien dedikazioa ordaintzeko, legeria orokorrari jarraituz urtean jasoko duten gehieneko ekarpena zinegotzi kopuruaren araberakoa da: hiru zinegotzi dituen udal batek 4.331,75 euro jasoko ditu eta 27 zinegotzi hautetsi dituen korporazio batek, berriz, 200.160,99 euro.
Hona hartukizunen taula osoa:
b.1) Hiru zinegotzi dituzten udalak: 4.331,75 euro.
b.2) Bost zinegotzi dituzten udalak: 11.156,39 euro.
b.3) Zazpi zinegotzi dituzten udalak: 16.406,53 euro.
b.4) Bederatzi zinegotzi dituzten udalak: 19.688,24 euro.
b.5) Hamaika zinegotzi dituzten udalak: 31.500,76 euro.
b.6) Hamahiru zinegotzi dituzten udalak: 54.469,99 euro.
b.7) Hamazazpi zinegotzi dituzten udalak: 83.345,91 euro.
b.8) Hogeita bat zinegotzi dituzten udalak: 119.440,67 euro.
b.9) Hogeita zazpi zinegotzi dituzten udalak: 200.160,99 euro.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (134. NPAO, 2016-11-14koa)
• Zuzenketak (142. NPAO, 2016-11-30ekoa)
• Irizpena (147. NPAO, 2016-12-09koa)