Publicada el Donnerstag, 1 de Dezember de 2016

Parlamentuak Gobernua premiatzen du hizkuntza gutxituen hiztunek dituzten eskubideak babes ditzan

Euskarari buruzko 15/1986 Legean jasotako eskualde-banaketak eragin duen atzerakada geografiko eta funtzionalari aurka egiteko arau-esparru egokia eskatzen du

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “Nazio Batuen eskubide zibil eta politikoei buruzko Nazioarteko Itunak, Gizakiaren Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen babeserako Europako Kontseiluaren Hitzarmenak, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak diotenaren ildotik, hizkuntza gutxituen hiztunek dituzten eskubideak –eta, zehazki, bertako hizkuntza gutxituaren hiztunek, euskaldunek dituzten eskubideak– babesteko konpromiso irmoa aitortu eta adierazi dezala”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Parlamentuak honako hau eskatzen dio Foru Gobernuari: “programa-akordioak dioena betez, arauzko esparru egoki bat gara dezala, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko”.


UPN parlamentu-taldeak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du in voce, eta ez dute onartu Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, ekimenaren titularrek. Zuzenketaren xedea zen “Nafarroako askotarikotasuna errespetatuko duten hizkuntza politikak garatzea, askatasunaren, inklusioaren, proportzionaltasunaren eta hizkuntzarengatiko bereizkeriarik ezaren irizpideetan oinarrituak; hori guztia, Konstituzioan, Euskarari buruzko Foru Legean, Nazio Batuen eskubide zibil eta politikoei buruzko Nazioarteko Itunean, Gizakiaren Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen babeserako Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean ezarritakoarekin bat etorriz”.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E parlamentu-taldeek sustatutako erabakiaren zioen azalpenaren arabera, “faktore politikoak, kulturalak, ekonomikoak, demografikoak eta bestelakoak” daude hizkuntzen eremuak murrizteko prozesuaren atzean, zeinak, “batere naturalak ez diren ordezkapen maniobren ondorioz, euskara eta beste milaka hizkuntza aurrean eramaten baititu”, eta “egoera oker eta bidegabe bat zuzentzeko urratsak” egiteko eskatzen da.


Esparru horretan, euskararen “atzerakada geografiko eta funtzionalaren aurka” borrokatzeko, “hizkuntza politika eraginkorra egin ahal izateko lege-egokitzapenak” eskatzen dira, “herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera”. Sustatzaileen ustez ez da horrelakorik lortu Euskarari buruzko 15/1986 Legeak ezarritako eskualde-banaketatik abiatuta

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (142. NPAO, 2016-11-30ekoa)