Publicada el Freitag, 2 de September de 2016

Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiko lehen urteko jardueren oroitidazkia

Legebiltzarrak 12 lege, 111 erabaki eta 114 adierazpen onetsi ditu "izaera sozial nabarmeneko aldaketa politikoaren hasierak" markatutako urtean

Foru Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, gaur aurkeztu du Nafarroako Parlamentuak XI. legegintzaldiko lehen urtean (15-5-24/16-5-24) egindako jardueren oroitidazkia. Barkosen Gobernuak bere gain hartutako akordio programatikoa sinatu zuten lau indarren babespeko aldaketa politikoak markatu du lehen urte hori.

2016rako Aurrekontuei buruzko Foru Legea (lehenbiziko Kontuak, segidako hiru luzapenen ondoren), osasun laguntzarako eskubide unibertsala, memoria historikoaren eta genero-indarkeriaren arloetan erakundeek lidergoa hartzea, udalen finantzaketaren gehikuntza eta bidean den Errenta Bermatuari buruzko Legea nabarmendu dira, beste alderdi batzuen artean, legegintzaldiaren hasieran. Aznarezek azpimarratu duenez, “ezberdinen artean ados jartzeko eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusteko” legegintzaldia da.

Legegintzaldiko lehenbiziko urte horretan 12 foru lege onetsi dira, guztiak ere Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei lotuak. Gainera, proiektu bat, Nafarroako Kontuena, atzera bota da, eta hiru izapidetzen ari dira. Aurkeztutako foru lege proposamenak sei izan dira; horietatik bi ez dira aintzat hartu eta lauk ez dute amaitu Parlamentuko tramitazioa.

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 21 jabeldura eta 601 galdera egin dira. Galdera horietatik 296ri ahoz erantzun zaie Osoko Bilkuraren aurrean, 11ri ahoz erantzun zaie Batzordearen aurrean, eta 294ri idatziz erantzun zaie.

Gainera, Gobernuak 179 eskaera jaso ditu Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera.

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta erabaki politikoen atalean, 600 informazio-eskaera jaso dira, eta 111 erabaki eta 114 erakunde-adierazpen onetsi dira. Horrek, Ainhoa Aznarezen iritziz, “gertaera politiko eta sozialen jarraipen zorrotza” egiten dela erakusten du.

Parlamentuko organoek guztira 439 bilkura egin dituzte: Osoko Bilkurak 33, Mahaiak 65, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak 49, eta batzordeek 292 (135 lan-saio eta 45 bisita), Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordearen bilkurak barne.

Datu horiek eskuan, lehendakariak Parlamentuaren dinamismoa goraipatu du, haren “pluraltasun politikoa” eta “gehiengoaren babesa jasotzeak Uxue Barkosen Gobernuari ematen dion egonkortasuna”. Faktore horrek Gobernuaren jarduna erraztu du “aldaketaren jokalekuan”, eta horixe izanen da, lehendakariaren ustez, hurrengo hilabeteetan aurrean izanen duten “erronka garrantzitsuenetako bat”.

Hala, Aznarezek Parlamentuaren bizitasuna nabarmendu du eta kaleari “atxikita” dagoela esan du. Horren erakusgarri, gogora ekarri ditu Parlamentu irekia eta Parlamentu ibiltaria programetako eztabaida saioak eta gainerako jarduerak, bai eta Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordea berriro lanean jarri izana ere, eta erantsi du bilerak egin direla askotariko kolektiboekin, horrela, oihartzun sozial eta instituzionalerako lanaren barnean, “herritarren eskariei eraginkortasunez erantzuteko”.

Egindako jarduera instituzional eta sozialen artean, 1936ko matxinada militarraren ondoren eraildako kargudun hautetsien omenezko ekitaldia aipatu du Aznarezek, eta herritarrentzat garrantzi handia duten gaiak eztabaidatu direla gogorarazi du, hala nola klima aldaketa, garapen jasangarriaren arloko helburuak, nekazaritza txikia edo AEBen eta Europaren arteko Merkataritza Askerako Atlantikoaz gaindiko Ituna (TTIP).

Amaitzeko, Parlamentuko lehendakariak argi utzi nahi izan ditu Parlamentuaren “konpromisoa”, ordezkatutako indar politikoen “erantzukizuna” eta Parlamentuko lanaren etenik gabeko “gehikuntza” (1.863 ekimen, aurreko legegintzaldiko tarte berean baino 626 gehiago). Aipamen berezia egin die, berriak direlako, Gobernua kontrolatzeko hamabostean behin egiten diren osoko bilkurei.

“Zailtasun handiko uneak igarotzen ari gara, baina Parlamentuak konpromiso irmoa dauka behar diren formulak eta neurriak aztertzeko, gardentasunetik abiatuta egiturazko arazoei eta plangintza estrategikoaren ingurukoei aurre egiteko”, adierazi du.

 

Heldu den astelehenean hasiko den lan urte berriari begira, lehendakariak Parlamentu ibiltaria eta Parlamentu irekia programetako “pedagogia lana” eta “herritarrekiko benetako lotura” sendotzeko eskatu du, eta, barne antolaketari dagokionez, Berdintasun Plana abiarazteko eta Erregelamenduari buruzko Lantaldeak lanean jarraitzeko deia egin du.

“Jardueraren errekorra edukitzeak ere ez digu deusetarako balioko herritarren mesederako ez bada. Erakundea ahalduntzen jarraitu behar dugu, baita barnera begira ere; horregatik saiatzen ari gara Parlamentuko prozedurak eguneratzen eta bizkortzen. Horrek Parlamentuaren alderdi guztiak ukitzen ditu, hitz egiteko denboretatik hasi eta gardentasunaren areagotzeraino, eta azken atal horretan sartu nahi dugu parlamentarien ondasun-aitorpenen argitalpena. Uste osoa dugu lantaldeko kideen trebetasunean”, esan du azkenik Aznarezek.