Publicada el Donnerstag, 30 de Juni de 2016

Ez da onartu Nafarroako Ubideko bigarren fasea eraikitzeko proiektuaren idazketa kontratatzeko eskatzen zuen mozioa

Ubideari ahalik eta dimentsio handiena ematea proposatzen zuen, obrari zentzua emateko, uraren prezioa jaisteko eta Erriberari esleitutako emaria ez gutxitzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin gaur atzera bota duen mozio batek Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eraikitzeko proiektuaren idazketa kontrata dezan”.


Baztertutako mozioaren bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “proiektua ahal den gehieneko emarirako taxutu dadin, Itoizko urtegiko irteeratik kendu ondoren lehen faseko (Iruña eta Nafarroako erdialdea) eta lehen fasearen zabalpeneko (Lizarrerria) onuradunen eskaerei erantzuteko behar diren emariak”.


Hirugarren puntuan jada, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “proiektu globala tarte edo azpiproiektu ezberdinetan idatz dadin, unitate beregain edo azpifase gisa, obraren mailakako exekuzioa Nafarroako Gobernuaren eta Canasa sozietate publikoaren egoera ekonomiko-finantzarioari egokitu ahal izateko”.


Foru Gobernua premiatzen zen, halaber, “azterlanak egiten jarrai dezan, Erriberako herrietan etorkizunean izanen diren hiri- eta industria-kontsumorako eskaerei eta haiek ubidetik asetzeko moduei buruzkoak”.


Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion, azkenik, “ubideko uraren balizko onuradunentzat Erriberan ureztalur-eremu berriak zehazteari begira” azterlanak egiten jarraitzeko.


PPN foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioaren zioen azalpenean argudiatzen zenez, “Nafarroako Ubidea osatzeko eta obraren osotasunari zentzua emateko, bakarrik gelditzen da azken tartea, 'bigarren fasea' izenekoa, bukatzea. Obra hori bukatuz gero, onura Erribera osoak hartuko luke, bertan metatu izan baitira hiriko horniduraren, kalitatearen eta eskaera igoeraren arazo historikoak”.


Proposatzaileak Kontuen Ganberaren azterlanak aipatzen zituen, “nekazaritzaren, elikagaien eta nekazaritzako industriaren” sektoreen garrantziagatik “laboreen balioa lau halakoa” bilakatuko litzatekeela azpimarratzeko, “tributuen diru-bilketa bezalaxe”. Horrek, haren iritziz, justifikatu egiten du “ureztalur gehiago eskatzea, ekoizpen handiagoa lortzeko eta, horren ondorioz, hazkunde handiagoa Nafarroako ekonomia osoarentzat”.


Horiek horrela, “ur metro kubikoaren azkeneko prezioa merkatzeko eta Erriberari esleitutako emaria ez gutxitzeko”, proposatzen zen “ubideari ahalik eta dimentsio handiena ematea haren bigarren fasean”, baina Nafarroako Gobernua horren aurka dagoela gogorarazten zen: “Lehendakariordeak joan den azaroan Tuteran adierazi zuen ez zegoela ubidearen bigarren fasea eraikitzeko proiekturik. Horrek esan nahi du ez dakigula bigarren fase horretarako aurrekontua zein den eta, beraz, ez dagoela zehaztuta ez haren trazadura, ez eta haren diseinua ere”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa ((88. NPAO, 2016-06-17koa)