Publicada el Donnerstag, 16 de Juni de 2016

Itunpeko hezkuntzako irakasleei soldata % 1 igotzeko eskatzen zuen erabaki bat baztertu da

Soldata aldetik irakasle funtzionarioekin parekatzeko eskatzen zen, "gainerako autonomia erkidegoetan itunpeko ikastetxeetako langileekin egin den bezala"

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, baztertu egin du Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzen zion mozioa: “Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza itunduko irakasleen eta irakasle ez diren langileen soldata % 1 igo dezan berehala, langile publikoekin egin duen bezalaxe eta Espainiako Gobernuak eta gainontzeko autonomia erkidegoek beren funtzionarioekin eta irakaskuntza itunduko irakasleekin eta irakasle ez diren langileekin egin duten bezalaxe”.

Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aldatzeko zuzenketa aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, UPN parlamentu-taldeak, ez du onartu. Zuzenketa horren bidez baldintza hau ezarri nahi zitzaion % 1eko soldata igoerari: Nafarroako 2016rako Aurrekontu Orokorretan itunpeko irakaskuntza pribaturako ezarri diren diru esleipenen gehikuntzarik ez eragitea.

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean gogora ekartzen zen “irakaskuntza itunduko irakasleek eta irakasle ez diren langileek murrizketak eta izozteak pairatu dituztela beren lansarietan 2010az geroztik, Nafarroako Gobernuko irakasleek bezala”, baina haiei ez zaiela aplikatu 2016an funtzionarioek izandako % 1eko soldata igoera.

Nafarroako itunpeko irakaskuntzan ordezkaritza duten SEPNA-FSIE, UGT, ELA eta LAB sindikatuek “2.535 sinadura aurkeztu zituzten maiatzaren 2an –sektoreko irakasleen eta irakasle ez diren langileen % 90 ordezkatzen dituzte–, pairatzen ari diren konparaziozko bidegabekeria salatzeko”.

Proposatzaileak deitoratu egiten zuen Hezkuntza Departamentuarekin eta Nafarroako Gobernuarekin berarekin izandako elkarrizketek “ez dutela espero zen emaitzarik ekarri, eta auziak konpondu gabe jarraitzen duela”.

Gogorarazten zuen, halaber, maiatzaren 31n sindikatu horiek agerraldia egin zutela Parlamentuko Hezkuntza Batzordean, “pairatzen duten egoera eta Nafarroako Gobernuarekin izandako bilerak salatzeko”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (84. NPAO, 2016-06-10ekoa)