Publicada el Freitag, 27 de Mai de 2016

Osoko bilkura monografikoa. 'Nafarroako Hezkuntza Sistema'

UPN, PSN eta PPk "alderdikoia, inposatzailea eta bereizlea" iritzi diote hezkuntza politikari, Bildu eta Ahal Dugu-k manipulazioa leporatu diete, GB lege propioaren alde agertu da, eta I-E hezkuntza publikoaren alde mintzatu da


PPN foru parlamentarien elkartearen ekimenez gaur Nafarroako Parlamentuak egin duen osoko bilkura monografikoaren hasieran, Javier Garciak Nafarroako Gobernuari leporatu dio "hezkuntza erabiltzea doktrinatze politikorako tresna gisa", eta gehitu du horri "faxismo" deitzen zaiola.


Javier Garciak baieztatu du Gobernua "ingelesaren aurkako gurutzadan" ari dela, eta ziurtatu du Gobernuak nahi duela "kosta ahala kosta zabaldu euskara eremu guztietara, suz markatuta daukalako helburu hori bere akordio programatikoan, hartzen ari den erabakiek erakusten duten bezala, behin eta berriz bizkarra ematen baitio gizarte honen gehiengoari".


Lan eskaintza publikoa aipatu du Garciak, "Nafarroan sekula ez bezalako leize soziala" sortu duela esanez, eta Gobernuari egotzi dio "pertsonekin jolastea" eta "koldar eta zital" jardutea.


Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP) inguruan Nafarroako Gobernuak hartu dituen erabakiak ere salatu ditu, eta Gobernua kritikatu du "sistematikoki urratu duelako gurasoek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza hautatzeko duten eskubidea, hots, kasu honetan, ingelesa hautatzekoa. Gobernu hau ingelesaren kontrako gurutzadan ari da".


Bere hitzaldian Javier Garciak itun bat egitea proposatu du, "hezkuntza helburu bat izan dadin berez, eta ez ideologien edo interes alderdikoien aldeko tresna bat; 1978ko Konstituzioan gauzatu zen itunak hezkuntzarako eta irakaskuntza-askatasunerako eskubidea aldarrikatu zuen".


"Gurasoek beren seme-alabentzat egokientzat jotzen duten hezkuntza aukeraren alde egiteko" duten askatasunaren balioa nabarmendu du PPNko parlamentariak. "Irakaskuntza publikoa, itunpekoa edo pribatua aukera-berdintasunez hautatu ahal izan dezaten nahi dugu".


Hala, "itunpekoari eraso egiten ari zaion egun hauetan" bere alderdiak "Nafarroako familietatik % 40ren konfiantza jaso duen aukera hori defendatuko du, eta gainerako hezkuntza aukerak babesten diren neurri berean eginen dugu. PP da Espainian itunpeko hezkuntza, gaur ezagutzen dugun modukoa, izaten segituko dugula bermatzen duen bakarra".


Esan du, bestalde, Nafarroako Gobernua ez dela ari "aniztasunaren, kalitatearen eta askatasunaren oinarrizko printzipioak errespetatzen, aitzitik, hezkuntza erabiltzen ari da jaurtigai gisa, Gobernua babesten duten lau alderdien interesen alde egiteko".


Beste alde batetik Javier Garciak ezbaian jarri du baita Gobernuak LOMCE gaitzestea ere, eta baieztatu du agian Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendozak "Estatuari oldartzen zaionaren itxura erromantikoa" eman nahi izan duela. "Mel Gibson ekarri dit gogora. Kasu honetan beharbada badu haren antzik, baina benetan zera da, itxurakeria politikoa".


UPNren ustez hezkuntzaren kudeaketa “amesgaiztoa” da


Javier Esparzak (UPN parlamentu-taldeak) esan du Foru Gobernuaren hezkuntza arloko kudeaketa “amesgaiztoa” dela, eta "inposaketa eta alderdikoikeria" egotzi dizkio lauko Gobernuari.
Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP) moratoria izan da Esparzaren kritika gehienen jomuga.


Ingelesez Ikasteko Programa "Nafarroako familien eskari bati erantzunez" sortu zela esan du. Haren ustez, Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendozak eskari horri "ez dio jaramonik egin eta ezbaian jarri du lehenengo minututik".


"Ingelesarekin eta Nafarroako haurren etorkizunarekin ez da jolastu behar", ohartarazi du Esparzak. Prentsan IIPri eta hezkuntzako lan eskaintza publikoari buruz argitaratu diren albisteen azalpen luzea egin du, eta gogora ekarri ditu hezkuntzako erakunde, guraso elkarte, alderdi politiko eta sindikatuek egindako kritika ugariak.


UPNko eledunak lauko Gobernuko alderdi nazionalistei, Geroa Bai eta EH Bilduri, Salestarren alde apustu egiteko eskatu die, behar duen egonkortasuna eman diezaiotela Nafarroako hezkuntza sistemari, Gobernua "ez delako horretarako gauza izaten ari", eta 0-3 urteko zikloa babes dadila, "Asiron alkateak Iruñean egin berri duen agintekeriaren" ondoren.


Esparzak adierazi duenez, hezkuntzarako "Euskal Herriko sistema propioaz" hitz egiten denean bera "kezkatzen" hasten da, planteamendu hori "Nafarroako hezkuntza sistemaren aurkako erasoa delako, beste urrats bat delako hezkuntza tresna politiko gisa erabiltzeko bidean".


"Benetan uste al duzue Nafarroak hau merezi duela, azken hamar hilabeteetan gertatu dena merezi duela?", galdetu du Esparzak, eta erantsi du lauko Gobernuaren hezkuntza arloko kudeaketa "amesgaizto" bihurtu dela "Nafarroako milaka eta milaka familiarentzat, hankapean erabili dituzte, gutxietsi, ez dituzte errespetatu, bigarren mailako herritartzat hartu dituzte".


"Nahita ere ezin zen gaizkiago egin, ezin zen arazo gehiago sortu", iritzi dio UPNko eledunak, eta lauko Gobernuari "inposaketa, alderdikoikeria eta nazionalismoa, eta bere sokakoentzat bakar-bakarrik gobernatzea" egotzi dio.


Familien "ezintasuna" salatu du Esparzak, "entzun nahi ez duen eta norabide bakarrean, bera babesten duen jendearentzat, gobernatzen ari den Gobernu baten aurrean", eta hau azpimarratu du: "Nafarroako hezkuntza sistemak sekulako profesionalak dituelako eutsi ahal izan dio hamar hilabete hauetan".


"Hezkuntza arloko zuen kudeaketaren kontakizuna lazgarria da", bota dio Esparzak Nafarroako lehendakari Uxue Barkosi.

 

Geroa Bai, hezkuntzaren arloko hitzarmenaren alde


Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) aldarrikatu du hezkuntza publikoa Nafarroaren "bizkarrezurra" izan behar dela eta funtsezkoa dela "gizartearen kohesiorako, denok aukera berak edukitzeko, eta ekitatea eta justizia bermatzeko".


Koldo Martínezek hezkuntzaren arloko hitzarmenaren alde egin du eta esan du Nafarroan helburu hau daukan legea adostu behar litzatekeela: "ikasleen garapen integrala, hau da, ikasleak herritar izateko prestatzea, gizartea nola aldatzen den kontuan hartuz".


Martínezek esan du gakoa dela "Nafarroako komunitatearen beharrizan bereziei erantzuteko gauza den hezkuntza-sistema sortzea"; izan ere, bere ustez azken urteotan hezkuntza-sistema "erabat narriatu da, eta hezkuntzaren kalitatea asko makaldu da. Estatuan hainbat erreforma egin dira inolako hausnarketarik gabe, koherentziarik gabe, inorekin hitz egin gabe, ez garatzeko ez baloratzeko astirik eman gabe, eta gainera bai Estatuko bai UPNren gobernuek murrizketa ugari aplikatu dituzte".


Geroa Bairen eledunak hauen alde egin du: "denon artean adostutako hezkuntza-esparru egonkorra, geure autogobernua bere ahal osoan aplikatuz, eta eskola-eredu askotarikoa eta eleanitza, bereizketarik gabea, inguruko gizartean txertatua, baina mundura irekira".


Horrez gainera Nafarroan, "nahiz eta batzuek zalaparta handia erabili, albiste onak sortzen dira duela urtebetetik hona", esan du, eta "Geroa Bairen esku dagoen heinean, paradigma aldatzearen alde lan egingo dugu, erran nahi baita, jaramon egingo diegu gurekin bat ez datozenen argumentuei eta zintzo kritikatuko dugu geure burua".


Koldo Martínez adierazi duenez, "ez dauka arrazoi zaratarik gehien egiten duenak, eta aspaldion zarata asko egin da. Bitxia da nola batzuek esaten duten D eredua Nafarroa osora zabaltzea, enplegu publikoaren eskaintza edo San Jorgen ikastetxe berria egitea alderdikeria, sektarioa edo ideologikoa dela, izatez neurri horiek guztiak elkarbizitza, normaltasuna, parte hartzea, elkarrizketa, justizia eta ekitatea sustatzeko dira eta".


Ontzat eman du, halaber, Hezkuntza Sailak ratioak jaistea eta Lanbide Heziketako eskaintza gehitzea.


Laburbilduz, Koldo Martínezek hauxe aldarrikatu du: "balioetan oinarritutako hezkuntza-sistema sortzen ahalegintzea, iraganeko erroreetan berriz erori gabe, hots, Espainiako gobernuek urte luzez egin dutena, elkarren legeak aldatzea, alde batera utziz". "LOMCE da egin behar denaren adibiderik hoberena".

 

Bilduk dio kontua euskara bermatzea dela, ez ingelesaren aurka egitea


Miren Aranoak (EH Bildu parlamentu-taldea) ukatu egin du lau alderdiko gobernuak ingelesaren kontrako "sorgin-ehiza" bati ekin dionik.


"Hemen inork ez dio gorrotorik ingelesari" esan du Aranoak, eta salatu du oposizioko alderdiek ideia hau zabaldu nahi dutela: ingelesezko irakaskuntzari "kalte egingo zaiola Nafarroako ikastetxe guztietan euskarazko eskaintza bermatzearren".


Nafarroako Gobernuan, adierazi du, "inork ez du zalantzan jartzen ingelesa baliotsua dela irakaskuntza-hizkuntza moduan", baina, halaber, nahi dute "egunen batean gure ume guztiek ez dezatela eduki atzerrira lanera joan beharrik" eta Nafarroan ere horretarako aukera eduki dezatela.


Aukera hori eduki dezaten, esan du "funtsezkoa" dela eskola-adinean euskara ikastea.


"Euskara ikastea eta erabiltzea onuragarria da, batez ere geuretzat, garena izaten laguntzen baitigu, Nafarroako hizkuntzetako bat izaki", esan du Bilduko parlamentariak.


Aranoak esan du bitxia dela osoko bilkura monografiko hau PPNk eskatuta egitea, alderdi hori "nafarroi gure borondatearen kontra" Lomce lege "atzerakoi" eta "murriztailea" inposatu nahian dabil eta.
"PPk eta bere UPNko kideek ez dute inoiz interesik eduki hezkuntzarekiko" esan du Aranoak, eta gaineratu du hezkuntza ez dela "hauteskunde-propagandarako gaia, baizik eta funtsezko zutabea gizartea eraldatzeko eta herritar guztien eskubidea, oinarrizkoa eta doakoa".


Aranoak hezkuntza-sistema laikoaren alde egin du, bere ustez "erlijioak pertsonen eta familien eremu pribatuan geratu" behar dira eta. Gainera, esan du hezkuntzako gastua "etorkizunerako inbertsioa" dela eta "gizartearen lehentasuna" izan behar dela.


Ondoren azpimarratu du krisia ez dela izan behar "hezkuntzako gastua murrizteko aitzakia", eta esan du hainbat xederen alde egin behar dela, hain zuzen ere irakaskuntza eta ikaskuntza eten gabe hobetzea, ikastetxeen "zinezko autonomia" bultzatzea "autoebaluazioaren kulturaz baliatuz" eta bertan behera uztea "UPNren gobernuetan ohikoak ziren zentsura eta kontrola.


Orobat, EH Bilduren eledunak irakasleen etengabeko trebakuntzaren alde egin du, eta berrikuntza pedagogikoaren, IKTen ezarkuntzaren, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren eta 0-3 urte zikloa zabaltzearen alde ere bai.


Salesianoen lana goraipatu du, esanez Nafarroako LHren "euskarri ezaguna" dela, baina gaitzetsi egin ditu "hirigintzako pelotazoak", ikastetxe horren lekualdaketak eragin duena bezalakoa.


Amaitzeko, Aranoak "Nafarroako legegintzako esparru bereziaren alde" egin du, eta UPNri eta PPri eskatu die utz diezaiotela behingoz familiak "manipulatzeari, hezkuntza aitzakia hartuta beren alderdien xede politikoetarako".

 

Podemos, Nafarroako lege baten alde


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) hezkuntza sistema publiko "laikoa, eleaniztuna, bereizkeriarik gabekoa eta inklusiboa" nahi duela esan du, eta apustu egin du LOMCE indargabetu eta "Nafarroan hezkuntzari buruzko foru lege bat prestatzen" hastearen alde.


Halaber, Perezek adierazi du lehenbailehen berreskuratu behar dela "hezkuntza publiko sendoa eta zorrotza, hezkuntza sistema elitista izatea saihestuko duena", eta "hezkuntza publikoa hobetzeko plana, bidezko finantzaketa izanen duena" proposatu du; horretarako, beraren iritziz "zerga erreforma progresiboa" egin behar litzateke.


"Eskubidetzat hartu behar da hezkuntza, ez negoziotzat", nabarmendu du Ahal Dugu taldeko eledunak, eta "lan baldintzak duintzearen" alde agertu da. Proposatu du, gainera, 0-3 urte bitarteko hezkuntza doakoa izan dadila eta irakaskuntza publikoaren garapena "politikan nahiz aurrekontuetan lehenetsi" dadila.


Sexuak bereizten dituen hezkuntzari dagokionez, Laura Perezek esan du eredu horrek ez duela batere laguntzen "heziketa integralean", eta hau baieztatu du: "gurasoek aukeratzeko duten eskubidearen aitzakian bereizketa hori justifikatzeak ez ditu behar adina bermatzen adingabeen eskubideak".


LOMCEri buruz, "demokraziaren historian gehien eztabaidatutako hezkuntza legea" dela esan ondoren, kritika egin du, "PPk, UPNren laguntzaz, bere gehiengo osoa baliatu duelako lege elitista, neoliberal eta merkantilista bat ezartzeko". Lege hori indargabetzearen alde agertu da.


Bestalde, Laura Perezek zorrotz kritikatu du UPN eta PPNk Nafarroako hezkuntzaren egoerari buruz hartu duten jarrera, eta eskatu die utz diezaiotela "hezkuntza jaurtigai gisa erabiltzeari, alderdikoikeriarako arma gisa, familiak elkarren aurka jarriz eta hizkuntza aniztasunari eraso eginez".


Perezek esan du ez duela ulertzen nola "UPN eta PPN tematuta dauden Nafarroako hezkuntza sistema euskalduntzen ari dela iradokitzen", eta, horren aurrean, hau esan du: "ez da euskalduntzen ari Tuteran euskara eskaintzen denean, aitzitik, eskari bat asetzen ari da".


"Eskola da lekurik zentzuzkoena gizarte eta kultura integrazioa lortzeko eta Nafarroako kultura aniztasunari bultzada emateko", aldarrikatu du Perezek. IIP geldiaraztearen aurka agertu da, eta oposizioari eskatu dio "balorazio politikoetan zorrotzago jokatzeko".

 

PSNk “okerreko bidean" ikusten du Gobernua


María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) gaur baieztatu du Foru Gobernua hezkuntza kontuetan "okerreko bidean" dabilela, "bereizkeriaren eta inposaketaren" politika "traketsa" erabiltzen ari delako.
"Politikoki defendaezina da oker jokatzen ari dela badakien gobernu batek, jarrera zuzendu beharrean, errore berak berriro egitea harrokeria hutsagatik".


Eledun sozialistak Foru Gobernuari egotzi dio "bestelako eredu eta programen aurka" jardutea, besteak beste IIPren aurka, nahiz eta programa horiek "oso harrera ona izan eta hezkuntza komunitateak nahi dituenak izan".


Ildo horretan esan du ezin dela "gutxiengo baten ikuspuntutik" gobernatu, "zilegi" den arren "bere bidea egin behar duen" euskarazko hezkuntza eskaria asetzeko.


"Ohiko biktimakeria nazionalista", oraingoan hezkuntza arlokoa, gaitzetsi ondoren, PSNko eledunak aitortu du I-Ek jakin duela "bere jarrera propioa defendatzen, Gobernuaren ildotik aldentzen". Hala ere esan du ez duela ulertzen "nola uztartuko dituzten beren politikak Ahal Dugu-ren planteamenduekin", azken horiek "nazionalistekin lerrokatuta" baitaude.


Chiviteren esanetan sozialistak "harri eta lur" daude PP izan delako osoko bilkura monografiko hau eskatu duena. Izan ere alderdi horrek "LOMCE inposatu du gizartearen aurka, 575 milioiko murrizketak egin ditu beketan, eta nahiago du arlo publikoa hiltzen utzi, pribatuari pisu handiagoa emateko".


Chivitek azpimarratu du hezkuntza "funtsezkoa" dela aukera-berdintasuna bermatzeko eta gizarte "arduratsua, askeagoa eta demokratikoa" eraikitzeko, eta proposamen sorta bat aurkeztu du hezkuntzaren "erronkei" erantzuteko.


Proposatu du, zehazki, LOMCEren egutegia geldiaraztea, hezkuntzaren aldeko itun sozial handia lortzea, eskola mapa egitea, landa-eskola erakundetzea, hezkuntza sistema "garden eta informatu" batean sartzeko prozesua egitea, aniztasunari arreta ematea, eskola bizikidetza eta hizkuntzetako gaitasuna sustatzea, eta NUPi "beste bultzada bat" ematea.


Chivitek arbuiatu egin ditu hezkuntza arloko politika "begi-labur" eta "endogamikoak", eta Gobernuari aurpegiratu dizkio "bere obsesioak, gutxiengo batek partekatzen dituenak, bere sokakoen mesederako baina gehiengoaren kalterako direnak". Horregatik, "ingelesari bizkarra emateari" utz diezaiola eskatu dio lauko Gobernuari.

 

I-E, hezkuntza publikoaren alde


Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) hezkuntza publikoa "sendotu" eta "higatze politikei" buelta ematearen alde agertu da. "Itunak gutxitu behar dira eta irakaskuntza publikoa hedatu, eta horretarako aurrekontua handitu beharra dago", esan du.


De Simonen esanetan, "gaur egun, itunen hedapen mugagabearen eta ikasleen hautapenaren ondorioak bizi ditu Nafarroako hezkuntzak".


Horregatik "ezetz" esan dio "hautatzen duen" eskolari, "bereizkeria egiten duenari. Lehengo politikei buelta eman eta irmo babestu behar dira ikastetxe publikoak. Ikastetxe publikoen sarea hedatu behar da, itunpeko irakaskuntza haren osagarria izan dadin".


Hala, I-Eren ordezkariak esan duenez, "ezin da unitate publiko bakar bat ere kendu. Itunak gutxitu behar dira, eta irakaskuntza publikoa hedatu. Eskolak gizartea eraikitzen du eta, beraz, gizarte mota jakin bat eraikitzen lagunduko duen sistema publikoaren alde gaude. Gizarte hori askotarikoa da, demokratikoagoa, bidezkoagoa, laikoa, eleaniztuna, gaituagoa...".


Haren iritziz, "unibertsala eta doakoa izateko, hezkuntzak publikoa behar du izan. Irakaskuntza publikoaren aldeko gure apustua argia eta gardena da. Gure hezkuntza eredua "ez dago elite ekonomiko eta sozialen zerbitzuan, ez eta eraikuntza nazionalerako inolako ereduren zerbitzuan ere".


Irakasleek egiten duten "ahalegina" nabarmendu du De Simonek, "beren soldatak eta beren aintzatespen soziala murriztuta ikusi dituzten arren", eta hau baieztatu du: "Hezkuntza publikoak Nafarroako hezkuntzaren erronkei erantzuten jakin du".


I-Eren izenean kritikatu egin du nola "politika kontserbadoreek interes partikularrak lehenetsi dituzten guztien interesen kalterako", eta egoera horri "buelta eman" behar zaiola erantsi du. "Badira hezkuntza-arau kontserbadore batzuk, horrexegatik indargabetu behar da LOMCE”, azaldu du.


"Ez dugu nahi ikasle gehienak autoktonoak dituen ikastetxerik, ez dugu nahi ikasleen ehuneko 80 etorkinak dituen ikastetxerik, ez gaude ados mutikoak edo neskatoak bakarrik onartzen dituzten ikastetxeekin, eta ez ditugu nahi soilik gaztelaniazko edo soilik euskarazko ereduak", azpimarratu du De Simonek.


"Murrizketei buelta eman" behar zaiela adierazi ondoren, 0-3 urte bitarteko hezkuntza zikloaren, landa-eskolaren eta Lanbide Heziketaren alde agertu da. Irakasleentzako prestakuntza gehiago, azpiegitura hobeak eta Unibertsitatearen finantzaketa hobea eskatu ditu.

 

Kointselariak ingelesaren eta euskararen arteko "liskar faltsua" salatu du


Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendozak gaur salatu du Nafarroan hizkuntzen arteko "liskar faltsu bat" sortu izana, eta "ingelesaren eta euskararen aldekoen arteko fikziozko gatazka bat izateari buruzko panorama bat" ikusarazi nahi izatea.


"Halako lehiarik ez dago inolaz ere", kontseilariak hezkuntzari buruzko osoko bilkura monografikoan aipatu duenez. Eta honako hau ere azpimarratu du: "gobernu honetan inor ere ez dago hizkuntza baten aurka, zeren eta zentzugabekeria bat baita hori".


Hala eta guztiz ere askok Nafarroako Gobernuari leporatzen diote "ingelesaren irakaskuntzaren aurka jokatzea, baina hori errealitatetik guztiz urrun dago", aipatu du Mendozak. Eta azaldu du PAI deitutako Ingelesez Ikasteko Programaren ebaluazio bat egin dela, zeren eta "presaz ezarri baitzen", eta "inongo plangintzarik egin gabe".


Mendozak baieztatu du UPNren Gobernuak PAI programa ezartzerakoan "ez zuela lanik hartu ez finkatzeko zein ikasgai irakatsiko ziren ingelesez", ez eta haiek "nola ebaluatu behar ziren" ere; hori dela eta, ordua iritsi da "ikastetxe gehienetan" sortutako "kaosarekin amaitzeko".


Kontseilariak konfiantza du "hilabete gutxi batzuen buruan" PAIren azterketa amaituko dela, eta orduan edukien eta baliabideen behar den antolaketa edukiko dugula, eta programa bat edukiko dugula "etorkizuneko aurreikuspenekin".


Horri dagokionez, nabarmendu du ezen, irailean, PAIren lehenengo promozioa bigarren hezkuntzara iritsiko dela, baina orain arte ez dela inongo aurreikuspenik izan programa hori institutuetan sartzeari buruz.


Programa honen ezarpenean izan diren "inprobisazioa eta desordena" nabarmendu ondoren, Mendozak baieztatu du ez duela PAI linearik kendu inongo ikastetxetatik.


Kontseilariak bere hitzaldian azpimarratu du Hezkuntza Departamentua "etengabe saiatzen dela Nafarroako hezkuntza komunitateari laguntzen", eta nahi duela ikastetxeek behar diren baliabideak eduki ditzaten, bai eta "beren beharrizanei gero eta hobeki egokitzen zaion" lege-esparru bat ere.


Gobernuaren lehenengo helburua izan da "aurreko legegintzaldian galdutako baliabide eta eskubideak berreskuratzea", esan du Mendozak, eta aipatu du "ibilbide luzeko" aldaketa horiek egiten ari direla "egunkarietan ospea edo nabarmentasuna lortzeko inongo asmorik gabe".


Hala eta guztiz ere, gehitu du, oposizioak "berehalakotasuna bilatzen du, bai eta ezegonkortzea eta justifikaziorik gabeko gatazka ere". Bada, jarrera horiek "modu nabarmenean kaltetzen dute Nafarroako hezkuntza sistemaren funtzionamendua".


Hori dela eta, dei bat egin die alderdiei, "dauzkagun profesional handiei aukera eman diezaieten" beren lana "patxadaz eta soseguz" egin dezaten.


Kontseilariak Departamentuak hezkuntzaren arloan dauzkan lehentasunetatik batzuk azaldu ditu, eta aipatu du ikasgela bakoitzeko 25 ikasleko ratiora itzuli dela, arreta pertsonalizatuagoa eman ahal izateko. Horrek 66 talde inguru bikoiztea ekarri du.


Halaber, desgaitasunari arreta ematea lehenesten ari da; eskola jazarpenari buruzko prebentziorako eta esku-hartzerako plan integral bat idazten ari da; datorren ikasturtean prestakuntza bereziko lanbide heziketako 14 curriculum berri jarriko dira abian, eta berdintasunean eta generoko indarkeriaren prebentzioan hezteko planak egiten ari dira.


Mendozak gogoratu du bost urte iragan direla hezkuntzan oposizioen deialdia egin zen azken alditik, eta horrek behin-behinekotasun handiagoa eragin duela. Hala eta guztiz ere, esan du, "aurreko gobernuaren kudeaketa zorigaiztokoa gorabehera" enplegu eskaintza publikoa egin ahal izan da, "nahi genituen eta behar genituen lanpostuak baino gutxiago baditu ere".


UPNren gobernuaren "oinordetzaren lotean", halaber, higiezin "zahartuak" eta ikastetxe "zaharkituak" aurkitu dira, non obrak egin beharko baitira "urgentzien arabera, eta abagune honetako muga ekonomikoekin".


Kontseilariak premiatu du hezkuntzari "hainbesteko kaltea egiten dioten inposizio-jarreretatik urruntzeko", eta eskatu du "liskar antzutan" ez erortzeko eta Nafarroa esparru honetan "elkarrizketaren eta adostasunaren" eredua izan dadila.