Publicada el Donnerstag, 12 de Mai de 2016

Gobernua eta eragileak lanean ari dira Estellerriaren garapenerako plana sustatzeko

PSNren jabeldura bati erantzunez, non azpimarratu baita azpigarapen nabarmena dagoela azpiegitura teknologikoetan, ur hornidura barne

Nafarroako Gobernua lanean ari da Estellerriko erakunde, eragile publiko eta eragile pribatuekin batera, lankidetza-hitzarmen bat sustatzeko, plan bat alegia, Sakanako mankomunitatean sinatu denaren parekoa, enplegua sortzen eta finkatzen lagunduko duena.


"Lurraldearekin elkarlanean aritzea da gakoa", esan du Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, eta gaineratu du aurrekontuan badutela lankidetza hori gauzatu ahal izateko kontusaila eta espero duela hura aurten formalizatzea.


Horrela erantzun dio, Parlamentuko Kontroleko Osoko Bilkuran, Guzmán Garmendiak (PSN) aurkeztutako jabeldurari. Parlamentari horrek eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialaren egoerari eta etorkizunari buruz galdetu du, bere ustez "azpigarapen larria jasaten baitu azpiegitura teknologikoetan".


"Elektrizitatearen eta banda zabalaren gabezia oso handia da, baina ez da txikiagoa ur hornidurarena", bai nekazaritzan, Gobernuak "ez duelako apustu egiten ubidea garatzearen alde", bai ur harguneetan. Halaber 2018ko errepide-planaz galdetu du.


Aurreko guztiak Lizarra aldeko herritarrei eta batez ere enpresei kalte egiten diela esan du parlamentari sozialistak, eta apustu egin du landa-eskolaren, garraio publiko hobearen eta turismoaren alde; turismoa dela-eta "FITUR azokan jasotako tratu eskasa" aipatu du.


Osasun arloari buruz esan du "perfekzio gezurrezkoa eta makillajea" dagoela, bizilagunen itxarote-zerrendak ez daudelako García Orcoyen ospitalean, Iruñean baino.


Ayerdik aitortu egin du azpiestazio elektrikorik gabeko eskualde bakarra dela Estellerria eta hori "arazo bat" dela. Deikazteluko azpiestazioa plangintzatik kanpo egotea PPko Gobernuaren erabakia izan zela gogorarazi du.


Banda zabalari dagokionez, baieztatu du banda zabalerako plan estrategikoa aurkezteko konpromisoa hartu dutela eta dagoeneko diagnostikoa egina dutela, eta gehitu du Sodena prest agertu dela Onenan parte hartzeko, zeinak eskualdean banda zabala sartzeko proiektua planteatu baitu.


Urari buruz, ukatu egin du Gobernua ez dela ubidea babesten ari; eta errepideei buruz, "arazo larri bat" dutela aitortu du. Izan ere, hirugarren errepide-planean 116 milioiko inbertsioa iragarri zen Lizarrako Merindaderako, baina 28 milioi soilik gauzatu dira, % 24,18 hain zuzen, "duela urte asko".


Aurrekontu esleipenaren zain daudela esan du lehendakariordeak, eta bitartean jarduketa batzuk dituztela aurreikusita eta aurretiazko azterlan batzuk ere egin dituztela.


Carlos García Adanerok (UPN parlamentu-taldea) azpimarratu du jakin beharra dagoela ea Gobernuak Deikazteluko azpiestazioa babesten duen, "haren kideak ez baitute babesten", eta García Orcoyen ospitalea indartuko ote den.


Virginia Alemanek (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi du eskualdeko egoera ezin zaiola egungo Foru Gobernuari egotzi, eta eskualdearen garapen ekonomiko jasangarri eta arduratsuaren alde agertu da.


Arantza Izurdiagak (EH Bildu parlamentu-taldea) ere iritzi dio eskualdeak "egoera zaila" bizi duela, PSN babesle zuten UPNko aurreko gobernuen "ekintza politikorik ezaren erruz". Ondoren, gaurko udalaren jarduketen balioa nabarmendu du.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) gogora ekarri du 750etik gora enpresa eta 100dik gora denda itxi direla. Salatu du nola BSH bezalako enpresa bat, "arazorik ez zuena", deslokalizatu ahal izan den "Marianoren erreformari esker", eta abian jartzen diren planen alde egiteko eskatu du.


PPren lan erreformaz egindako aipamenari erantzunez, Javier García parlamentariak (PPN foru parlamentarien elkartea) kezkagarritzat jo du "Gobernu honen ekintzarik eza".


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) azpimarratu egin du eskualdeko enpleguaren bilakaera negatiboa, "ohi baino intentsitate handiagoko jarduketa egin behar den seinale".