Publicada el Donnerstag, 7 de April de 2016

Nafarroako Parlamentuak eskola-jazarpenaren aurkako borrokarekiko konpromisoa erakutsi du

Prebentzio eta informazio kanpainak eta teknologien nahiz sare sozialen erabilera egokirako prestakuntza jarduerak egiteko eskatu du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Legebiltzarrak “eskola-jazarpenaren aurkako borrokarekiko konpromisoa erakusten du”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, betalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Foru Komunitateko eskola-jazarpenari eta -indarkeriari buruzko txosten bat egin dezan”.

Halaber, jada hirugarren atalean, Foru Gobernuari eskatzen zaio “dauden jarduketa-protokoloak gara ditzan eta eskola-jazarpena desagerrarazten lagunduko duten neurri berriak bila ditzan”.

Nafarroako Gobernua premiatzen da, gainera, “prebentzio eta informazio kanpainak egin ditzan, bai eta prestakuntza-jarduerak ere, teknologia eta sare sozialak behar bezala erabiltzera bideratuak”.

UPN parlamentu-taldeak sustatu duen ebazpenaren zioen azalpenean argudiatzen denez, botere publikoek eskola-jazarpenaren eta -ziberjazarpenaren prebentzioa bultzatu behar dute, berdintasunaren aldeko borrokaren atal gisa eta planteamendu orokor baten barnean, beste desberdinkeria batzuei ere aurre egiteko; esate baterako, matxismoari, xenofobiari, homofobiari edo arrazakeriari.

Arartekoak eta Unicefek egindako txostena gogora ekarri du proposatzaileak; horren arabera, “galdeketari erantzun ziotenen % 4,1ek aitortzen zuten eraso fisikoak pairatu izana, eta % 8,5ek kideen mehatxuak jasotzen zituzten”.

Horrelako jokabideek, bertsio teknologikoa (sare sozialak) barne, dakartzaten ondorioak dira “autoestimu baxua garatzea, jarrera pasiboak, nahasmendu emozionalak, arazo psikosomatikoak, depresioa, antsietatea eta are pentsamendu suizidak ere. Horrek eraman zituen Jokin, Alan edo Diego –adibide batzuk jartzearren– beren buruaz beste egitera”.

Erasotzaileak ere ondorio negatiboak jasaten ditu. “Indarkeriazko jarrera haserrekor, oldarkor eta intoleranteak” garatzen ditu, “baita kontrol-eza ere, edo ikasketekiko interesa galtzen du eta eskolan porrot egiten, besteak beste”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (16. NPAO, 2016-02-12koa)