Publicada el Donnerstag, 7 de April de 2016

Asunción Olaechea, Kontuen Ganberako lehendakari berria

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren babesa jasota, Helio Robledari karguan txanda hartzeko hautatu dute sei urteko agintaldirako

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Asunción Olaechea Estanga hautatu du Kontuen Ganberako lehendakaria izateko 6 urtean, Helio Robledaren ordez. Azken horrek agintaldi bat egin ondoren utzi du kargua.


Olaechea, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahalduguk eta Izquierda-Ezkerrak proposaturiko hautagaia, 33 botokin aukeratuta izan da, bere hautagaitzaitza proposatzen zuten 26 botoetaz gain PSNko 7ak. UPNk eta PPNk zuriz bozkatu dute


Asunción Olaechea, Kontuen Ganberako lehendakari berria, Betelun jaio zen 1966an. Enpresa Zientzietako diplomaduna da (Iruñeko Eskola), Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioko lizentziaduna (NUP), Zuzendaritza eta Kudeaketa Publikoko masterra Nafarroako Unibertsitate Publikoan, toki ogasunen kudeaketan aditua NUPen eta finantza-auditoretzan aditua UNEDen. Lanbide esperientziari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuan Doneztebe eta Lekunberri aldeetarako aholkulari ekonomikoa izan da, Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria eta fiskalizazio organo horretako auditorea 2005etik aurrera.


Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa fiskalizatzen duen erakundea da Kontuen Ganbera. Parlamentuaren menpeko organoa da, eta ekonomia eta finantza kontuetan aholku ematen dio, baina bere kabuz funtzionatzen du. Lehendakariak zuzentzen du; ganberako beste kide eta organo batzuk idazkari nagusia eta auditoreak dira.