Publicada el Donnerstag, 7 de April de 2016

Ez da onartu foru lege proposamena kontuan har dadin Nafarroako Osasunari buruzko Legea aldatzeko

PPNk zuzenbidearen araberakotasun esplizitua eskatzen zuen Nafarroako Unibertsitatea bezalako enpresa edo taldeek beren gain hartzeko prest dauden ereduetarako

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio Nafarroako Osasunari buruzko 10/1990 Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzeari. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aurkako botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aldekoa.

PPN parlamentu-taldeak aurkeztutako foru lege proposamenaren xedea zen “zuzenbidearen araberakotasun esplizituago bat ahalbidetzea osasun-laguntzako eredu jakin batzuei; hain zuzen ere, Nafarroako Unibertsitatea bezalako enpresa edo talde zehatz batzuk beren gain hartzeko prest dauden ereduei”.

Horretarako, “itun berezia” kontzeptua sartu nahi zen, estaldura emateko, “gutxienez ere bost urterako, luzatzeko aukerarekin”, enpresa edo erakunde jakin batzuei, hots, “beren langileei O-NOZen zerbitzu-zorroan oinarrizko osasun-laguntzari edo osasun-laguntza espezializatuari ezarritako edukiaren gisa berekoa ematea erabakitzen dutenei, baldin eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak badituzte”.

Itun horiek oreka ekonomikoaren printzipioa bete beharko zutela zehazten zen, ekitaldi bakoitzeko per capita osasun-gastua eta modalitate horretako populazioa oinarri; eta erregelamendu bidez ezarri behar ziren jasotako funtsen kontrola eta justifikazioa.

Azkenik, itun horiek “osasun-sistemaren beste helburu batzuei buruzko akordio orokorretan” txertatzeko aukera aipatzen zen, “hala nola ikerkuntza edo itun bereziari atxiki gabeko pertsonentzako osasun-laguntza”.

www.parlamento-navarra.es
• Foru lege proposamena (10. NPAO, 2012-1-27koa)