Osasun Departamentuak aitortu du "konplexua" dela landa eremuetako profesionalak fideltzea
Bilduren jabeldura bati erantzunez, non baieztatzen baita aurreko legegintzaldian huts egindako erreformatik hona "oso gutxi" egin dela aurrera, LHEa baztertzea barne
Osasuneko kontseilari Fernando Dominguezek gaur Parlamentuan aitortu du eskualdeetako eta landa eremuetako osasun laguntzaren sistema "hobetu beharra" dagoela, arazoak sortu dituelako, artapenaren inguruko arazoak baino areago profesionalen artekoak, "konplexua" baita profesionalak fideltzea.
EH Bilduko Bakartxo Ruiz parlamentariak gaiari buruz egin dion jabeldurari erantzunez, kontseilariak esan du litekeela dela arazoak egotea osasun sistemako zerbitzuak eskuratzeko ekitateari dagokionez, baina ez dagoela arazorik "herritarrentzako laguntza faltaren aldetik, landa ingurunean bizi nahiz hirian bizi".
Dominguezek behin eta berriz esan du landa eremuetan eta eskualde-ospitaleetan profesionalak kontratatzeko eta fideltzeko aukerak "konplexuak" direla, eta landa eremuetako oinarrizko osasun laguntzako eta larrialdietako zerbitzuetan oinarritutako sistema "hobetu beharra" dagoela, "ez delako lortu benetako integraziorik".
Kontseilariak adierazi duenez, hirialdeetan baino ordezkapen maila handiagoa badago ere, barreiadurak berak eragozten du ordezkoei kontratu erakargarriak eskaintzea, eta arazo hori larriagoa da pediatrian, ez dagoelako lanik gabeko pediatrarik.
Oinarrizko osasun laguntzaren eta laguntza espezializatuaren arteko aldeak direla eta, bakoitzerako irtenbide desberdinak behar direla esan du kontseilariak. Lan eta gizarte baldintza erakargarriagoak eskaintzea iradoki du.
Esan du, horren harira, etengabeko eta larrialdietako oinarrizko osasun laguntzaren alorrean lantalde bat konponbideen bila dabilela eta lanean ari dela plan bat egiteko.
Besteak beste, konponbide hauek aipatu ditu: ebazteko ahalmena hobetzea, proba diagnostiko sinpleak egin ahal izateko, ekipamendu berrien bidez; langileen jarrera proaktiboagoa sustatzea; aplikazioak eta teknologia berriak garatzea landa zentroetan, eta larrialdietako eta oinarrizko osasun laguntzako langileen egiazko integrazioa lortzea.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu parlamentu-taldea) azpimarratu du arazo horri ekiterakoan beharrezkoa dela parte hartzea, eta aurreko legegintzaldiko "porrot handienetako bat" izan zela "Marta Verak burutu nahi izan zuen erreforma huts egina".
Ruizek azpimarratu du Gobernuak ez zuela bete Parlamentuak onetsitako legea, ez baitzuen "legebiltzar honek onesteko planik ekarri". Landa eremuetan egin ziren eskaerak "zentzuzkoak" zirela eta "aurrera eraman" zitezkeela erantsi du.
Geroztik "gutxi egin da aurrera", deitoratu du Ruizek, eta hartu diren neurriek ez dituztela arazoak konpondu esan du.
Carlos García Adanerok (UPN parlamentu-taldea) adierazi du "zortzi hilabetean deus ere" ez dela egin, eta aitortu du "kontu zailak" direla, baina Gobernuak "ardura hartu" behar duela.
Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldeak) adierazi du "lan asko" dagoela egiteko, hala nola "gastuaren pedagogia", lantaldeak integratzea edo malgutasuna adostea.
Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) esan duenez, "oraindik ere landa ingurunean dago defizita". Profesionalen baldintzek eta koordinaziorik ezak zerbitzuan sortzen dituzten ondorioak aipatu ditu.
María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) Komunitate osorako konponbideak proposatu behar direla baieztatu du, eta lehengo arazoek hortxe dirautela ohartarazi du. Ondoren, hartzen diren erabakiak adostuak izan daitezela eskatu du.
Javier Garciak (PP foru parlamentarien elkartea) lanari ekiteko eta soluzioak abian jartzeko eskatu dio Gobernuari, eta esan du horretarako "ezinbestez" egokitu behar direla egungo baliabideak.
Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) "egoki" iritzi die hartu diren neurrietako batzuei. Gero esan du aurrera egiten jarraitu behar dela landa eremuetan osasun publikoaren eskuragarritasuna bermatzeko.