Publicada el Donnerstag, 25 de Februar de 2016

Hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politikoa lortzea eskatzen zuen mozio bat baztertu da

Lan-mahai bat eta jarraipenerako parlamentu batzorde bat sortzea proposatzen zuen, hartu beharreko neurrien eraginkortasuna bermatzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota du mozio bat, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena lan-mahai bat sor zezan, “Nafarroan Hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politiko bat lortzeko xedez. Lan-mahai hori tresna eta lankidetza-bidea izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-eragile guztien (GEak, irakasleak, sindikatuak, parlamentu-taldeak, hezkuntza-erakundeak…) partaidetza izateko”.

Baztertutako mozio horrek bigarren puntuan zehazten zuenez, “Nafarroako Parlamentuaren esparruan garatuko diren jarraipen, kontrol eta berrikuspen mekanismoen barnean”, Parlamentuari berari egokituko zaio “Jarraipen Batzorde bat eratzea; batzorde horrek irismen orokorra daukaten protokoloak prestatuko ditu, Hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politikoan adierazten diren erabakiak ezartzeko. Horrez gain, koordinazio tresna egokiak prestatu beharko ditu, hartzen diren jarraipen neurrien eraginkortasuna bermatzen dutenak”.

Ordezteko zuzenketa aurkeztu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, baina ekimenaren titularrak, PSNk, ez du onartu. Zuzenketa horrek proposatzen zuen “Nafarroako hezkuntza publikoaren garapenari eta kalitateari buruzko” lantalde bat sortzea Parlamentuan, “Nafarroako hezkuntza sistemaren egitura, antolaketa eta curriculuma aztertu eta baloratzeko eta horien gaineko erabakiak hartzeko”.

PSNko foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozio horren zioen azalpenean hezkuntza “garapen iraunkor eta bidezko baten berme bakarra” dela adierazten zen, eta “itun sozial eta politiko handietan” oinarritutako adostasunak berrezartzeko eskatzen zen, “hezkuntzak egonkortasuna –legedi zein araudi arlokoa– behar baitu”, horrela, beste gauza batzuen artean, “planifikatzeko, inbertsioak sendotzeko eta giza kapital hezia, ekimenduna, emankorra, eta Nafarroaren eraldaketa ekonomiko eta sozialeko prozesuari aktiboki laguntzeko gai dena” eratzeko bidean aurrera egin dezagun.

Azkenik, proposamen-egileak hezkuntzaren inguruko “itun sozial, politiko eta instituzional” handi baten beharra azpimarratzen zuen, “berdintasuna, ekitatea eta inklusibitatea oinarri dituen eta etengabeko hobekuntzari eta, horrenbestez, bikaintasunari begira dagoen sistema“ bideragarri bihurtzeko modurik onena delakoan.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (23. NPAO, 2016-02-23koa)