Publicada el Donnerstag, 25 de Februar de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da sare sozialen erabileraren inguruko prebentzio programa abian jar dezan

Hezkuntzaren alorrean,haur eta gazteek sare sozialak gaizki erabiltzearen ondorioz gerta litezkeen pribatutasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoei aurrea hartzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “hezkuntza-programa bat abian jar dezan ikastetxeetan, institutuetan eta LHko ikastetxeetan, haurren eta gazteen artean sare sozialak erabiltzetik hel daitezkeen pribatutasunerako eta segurtasunerako arriskuak prebenitzeko”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, halaber, Foru Gobernuari eskatzen zaio "hezkuntza-programa bat abian jar dezala ikastetxeetan, institutuetan eta LHko ikastetxeetan".


Programa horren helburuak lirateke, zehazten denez, "haurren eta gazteen artean sare sozialak erabiltzetik hel daitezkeen pribatutasunerako eta segurtasunerako arriskuak prebenitzea; eta matxismoa, jazarpena edo xenofobia bezalako jokabideak nahiz sexuarengatik, arrazarengatik, sexu-aukerarengatik, sinesmenengatik eta abarrengatik egiten diren abusu eta bereizkeriak hautematen, bereizten eta halakoei erantzuteko tresnak garatzen ikastea".


Bigarren paragrafo hori erantsi da, hain zuzen, EH Bilduk gehitze-zuzenketa bat aurkeztu duelako eta UPNk, ekimenaren titularrak, onartu egin duelako.

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean ohartarazten denez, “12 eta 25 urte bitarteko gazteen % 90 baino gehiagok” erabiltzen dituzte teknologia berriak, eta horien ezarpen “atzeraezina” dela-eta arrisku handiak sortu dira, esate baterako “adikzioak eta mendekotasunezko jarrerak garatzea, ziberjazarpena nahiz pertsonen pribatutasunaren aurkako erasoak”.

Ildo horretan datu “kezkagarriak” ematen dira nerabeek eta, oro har, emakumeek sarearen bidez jasaten duten jazarpenaren inguruan. Jokabide horien guztien ondorioz beharrezkoa da orain arte egin direnak baino “jarduketa sistematikoagoak eta iraunkorragoak egitea”, baita hezkuntza sisteman ere.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (21. NPAO, 2016-02-19koa)