Gobernua gure erkidegoko sexu-esplotazioaren egoeraz azterlan bat egitera premiatu dute
Besteak beste, prostituzioan ari diren pertsonen estigmatizazioa saihesteko eta sexu-esplotazioan ari diren mafien aurkako borroka areagotzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “azterlan bat has dezan gure erkidegoko sexu-esplotazioaren egoeraz, halako ikerketarik ez dagoelako”.
Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “arazoa aztertzeko lantalde bat sor dezan, gizakien trafikoaren aurkako erakundeekin harremanetan jarriko dena eta sexu-esplotazioa pairatzen duten pertsonei laguntzeko eta mafien aurka modu eraginkorragoan borrokatzeko modua jorratuko duena. Halaber, lan-talde horrek helburu izanen luke sexu-esplotazioaren eta trafikoaren biktima direnei laguntzeko plan bat taxutzea”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bere elkartasuna adieraz diezaien sexu-esplotazioaren eta trafikoaren biktimei”.
Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “zenbait ekintza egin ditzan Nafarroako gizartea sentsibilizatze aldera sexu-esplotazioa pairatzen duten emakumeen dramari buruz eta sexu-esplotazioaren onarpen sozialak genero-estereotipoen betikotzean eta sexua ulertzeko moduan dauzkan ondorioei buruz”.
Geroa Bai-k hala eskatuta bosgarren idatz-zati bat gehitu da non adierazten zen beharrezkoa dela “gazteei bideratutako informazioa emateko kanpaina publikoak egitera, prostituzioa eta horretan aritzen diren pertsonak desestigmatizatzea xede dutenak”.
PSNk beste gehitze-zuzenketa bat aurkeztu du, honakoa ere ekimenaren titular den UPNk onetsi duena. Bertan Nafarroako Gobernua premiatzen da “gure erkidegoko emakume eta haurren trafikoari eta sexu-esplotazioari buruzko azterlan sakon bat egitera, diagnostiko eguneratu bat jasoko duena, zeinak emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuaren jarduketa plan egoki bat ekarriko duen, 14/2015 Foru Legeak xedatzen duen moduan eta adierazpen matxisten artean indarkeria sexual mota guztiak, emakume eta haurren trafikoa eta sexu-esplotazioa jasotzen dituena”.
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako gizartea sexu-trafikoan eta -esplotazioan hezteko eta sentsibilizatzeko kanpainak gauzatzera, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 foru legeak xedatzen duenari jarraiki. Kanpaina horien xedea prebentzioa eta sentsibilizatzeko eta informazioa emateko neurriak hartzea izango da”.
Halaber, Nafarroako Parlamentuak adierazten du “sexu-trafikoaren eta/edo -esplotazioaren biktima diren emakumeek erreparaziorako eskubidea dutela, bai haien dimentsio indibidualean bai kolektiboan, eta horretarako Nafarroako Gobernua premiatzen du indarkeria matxista mota hori pairatu duten emakume oro guztiz osatu dadin lortzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzera, 14/2015 Foru Legeak xedatzen duen moduan”.
Eta erabateko adostasunik gabe, testuan Espainiako Gobernua premiatzen da “prostituzioaren eskaera eta erosketa zigortzera”, bai eta “berriro ere Zigor Kodean sartzera aren alokairu bitartekariaren figura (logelak alokatzen dituena) Nazio Batuen Hitzarmenaren terminoen artean, sexuaren industria eraistea ahalbidetuko zuelako; eta proxenetismo lukratiboko mota oro zigortzearen figura, prostituzioan aritzera behartua izan den pertsonaren baimena izan edo ez”. Idatz-zati hori UPNk, PSNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k eta Podemos-Ahal Duguk haren aurka eman dituzten botoekin onetsi da.
Testuinguru horretan, adosten da “adostasun global bat sustatzea hartara batzen diren lurralde guztien artean, era koordinatu eta eraginkorrean, sexu-esplotazioaren xedeekin pertsonen trafikoaren izurria gaitzesgarria jazartzeko” eta “sexu-esplotazioaren xedeekin gizakien trafikoaren aurka egiteko lege integral bat sustatzea, prebentziorako egokiak diren mekanismoak ezarriko dituena, delituaren ofizioko jazarpena indartuko duena, sexu edukia duen publizitatea saihestuko duena eta esplotazioa jasan duten pertsonei babes soziala emateko eta errekuperazio integralerako zerbitzuak eta programak abiaraziko dituena”. Idatz-zati hori PPNren abstentzioarekin eta UPNren, Geroa Bai-ren, EH Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren eta I-Eren babesarekin atera da aurrera.
EH Bildu-k eta Podemos-Ahal Duguk gehitze-zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular den UPNk onetsi ez duena, zeinetan Gobernua premiatzen zen “sexu-trafikoaren eta –esplotazioaren aurkako jarduteko neurri eta programa integralak abiaraztera, prostituzioan ari diren pertsonei osasun-zerbitzu eta gizarte-zerbitzu publikoetarako sarbidea bermatuz”.
Era berean, Parlamentua premiatzen zen, Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako Batzordearen bidez eta INAIren laguntzarekin, 2016ko otsailean eztabaida sozial eta parte-hartzaile bat abiaraztera sexu-trafikoaren eta prostituzioaren aurka lan egiten duten elkarteekin, zertarako eta estigmatizazioari amaiera jartzeko behin behineko hitzarmen bat eta lan egiteko plan bat taxutzeko, 2016ko martxoan Parlamentuan aurkeztuko direnak”.
Zioen azalpenean, UPNk bultzatu duen ebazpenak aipatzen du “legalizazioari edo abolizioari” buruzko eztabaida dagoen arren, gizartean adostasuna dagoela prostituzioan ari diren pertsonen “kriminalizazioa eta estigmatizazioa ekidin” beharrean, eta “sexu-esplotaziora dedikatzen diren mafien aurkako borroka areagotu” beharrean.
Testuinguru horretan eta “Nafarroan zehazki prostituzioaren egoera zein den jakiteko azterlan kontrastaturik ez” dagoela ikusita, proposatu duen taldeak defendatu du mafiek behartuta haien borondatearen kontra prostituzioan ari diren emakumeen (% 80 inguru eta batzuetan adingabeak) estortsio egoera aztertzea, baita talde horien bestelako jarduera batzuk ere, esaterako droga eta arma trafikoa.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 36. zk., 2015-11-27koa)