Publicada el Donnerstag, 19 de November de 2015

Familientzako Laguntza Integralari buruzko FLPa aintzat hartzea bazter utzi dute

Xedea araudian dagoen hutsunea betetzea zen, ikuspegi integral baten bidez, familien babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzeko era egonkor batean, bermeekin eta eraginkortasunez

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, Familientzako Laguntza Integralari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.


PPNk bultzatu duen lege proposamenaren xedea zen “orain araudian dagoen hutsunea betetzea, ikuspegi integral baten bidez, familien babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzeko era egonkor batean, bermeekin eta eraginkortasunez, baita zaurgarritasun handieneko egoeretan ere”.


Testuak proposatzen zuen “familia ugariei, gurasobakarrei eta haien mende pertsona adintsuak, ezgaitasunak dituzten pertsonak eta menpekotasuna duten pertsonak dituzten familiei babes gehiago ematea”.


Aurreikusten ziren neurri fiskalen artean zeuden PFEZ, ondare, ondorengotzen eta donazioen eskualdatzeak murriztea, eta kultur-, hezkuntza- eta osasun-jardueretan salbuespenak eta beherapenak. Horiek guztiak “ohiko etxebizitzarako sarbidea, kontziliazioa, jaiotze kopurua sustatzea eta familia-enpresak sortu eta mantentzea” “lehentasuneko xede” gisa hartuta.


Ana Beltranek (PPN) baieztatu duenez “Nafarroako ‘tradizioan’ familientzako sustatze-neurriak babes planen bidez egin da, baina orain errealitatea da Nafarroan ez dagoela familientzako berezko legerik, eta horregatik araudian dagoen hutsune hori bete nahi dugu”.


Monica Domenechek (UPN) defendatu duenez, “familia gizartearen funtsezko euskarri bat da, ordezkatu ezin diren funtzioak betetzen baititu eta haren kideei ziurtasun morala, afektiboa eta fisikoa ematen baitizkie. Hortaz, beharrezkoa da familia politika publikoetan presente egon behar dela aitortzea”.


Isabel Aramburuk (Geroa Bai) esan du PPNko eleduna ia ezinezkoa den misio batean sartu dela, familiaz hitz egitea entelekia batez hitz egitea baita. Familiei buruz pluralean eta kontzeptu zabalean hitz egin behar da, eredu ezberdinak baitaude. Badirudi zuek familia eta ‘f’ hizkia larriz idatz zedin faltan sumatzen duzuela. Lege proposamen honek ez du ezer gehitzen”.


Asun Fernandez de Garaialdek (EH Bildu) baieztatu duenez, “babes integrala pertsonentzat izan behar da” ez bereziki familientzat. Pertsona guztiok dugu eskubidea gure oinarrizko beharrak asetzeko, gure egoera administratiboa zein den ere. PPNrena lege proposamen makurra da”.


Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) aitortu duenez, “lege honetan badaude gustuko ez ditugun zenbait gauza, esate baterako familiak betetzen duen funtzio solidarioa baloratzea, krisi garai hauetan azken segurtasun sarea izan baita. Alabaina, atzerriko familiak eta haien txikiak kanpoan uzten ditu eta ez ditu beste familia eredu batzuk aitortzen”.


Nuria Medinak (PSN) esan duenez PPNk proposamen honekin “lege sektorial ezberdinetan jaso behar liratekeen gaien nahastea egin du. Gainera, pertsonaren eskubidearen objektua familiara igaro nahi du. Gure taldeak pertsonen eskubideak defendatuko ditu, haien bizitza nola antolatzen duten kontuan hartu gabe. Harritzekoa da PPk estatu mailan desegin dituen hainbat neurri Nafarroan arautu nahi izatea”.


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, lege proposamena “makurra eta hipokrita da, haren edukian PPk Diputatuen Kongresuan eta Parlamentu honetan duen jardunbide instituzionalarekin bat ez datozen proposamenak egiten dituelako. Kez egindako legea da”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-10-09koa)