Publicada el Donnerstag, 12 de März de 2015

Enpleguaren Hitzarmena eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua finantzatzeko 5.498.455 euroko kreditu berezia onetsi dute

Legeak beste kreditu gehigarri bat jasotzen du, guztien babesa duena, 2.460.871 eurokoa Cener-Ciemat Fundazioaren maileguak kitatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren alde eman dituzten botoekin, PPNen eta I-Eren abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sortzeko Akordioaren (4.598.455 euro), Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren (900.000 euro) eta Cener-Ciemat Fundazioaren (2.460.871 euro) finantza-beharrizanei 2015ean zehar erantzuteko 7.959.326 euroko kreditu berezia emateko foru legea onetsi du gaur.

Batzordean egin den eztabaidan 2.460.871 euroko kreditu gehigarri bat txertatu da irizpenean Cener-Ciemat Fundazioaren “maileguak kitatzeko”. UPNk aurkeztu duen zuzenketak kreditu bereziaren zenbateko osoa 7.959.326 eurora handitzen duena, aho batez onetsi zen.

Cener-ez gain, legeak “hitzartze sozialaren prozedurak enpresen, langileen eta gizartearen behar eta eskaera berriei egokitzeko” beharrari erantzuten dio.

Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen eta enpresa erakunde adierazgarrienen (UGT, CCOO eta CEN) arteko topaketarako, parte-hartzerako eta negoziaziorako organo instituzionala da. Xede horrekin, kontseilua sortu zuen 22/2014 Foru Legearen 16. artikuluan xedatzen denari jarraiki, Gobernuaren eta gizarte eragile nabarmenen artean 2014ko urriaren 3an sinatu zen Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sortzeko Akordioari aurrekontu bat ematea erabaki da (4.598.455 euro).

Halaber, 22/2014 Foru Legeak Kontseilu horrek hartzen dituen sindikatu- eta enpresa-erakundeei urtero aurrekontu esleipen bat egokitzea aurreikusten du (900.000 euro zati berdinetan), esparru ekonomiko eta sozialean interes orokorreko entitate gisa haien jarduera sustatzeko jasotzen dituzten diru-laguntzez gain. Diru-laguntzaren zenbatekoa (900.000 euro) “ekitaldi bakoitzaren lehenengo hiruhilekoan” jasoko da, zati berdinetan banatuko da eta KPIaren aldera eguneratuko da, Nafarroako Aurrekontuan ezartzen den mugarekin.


UPNren eta SNren babesarekin eta Bildu-ren, Aralar-Nabairen, PPNren, I-Eren eta atxiki gabekoen aurkako botoekin 2014ko azaroaren 6an onetsi zen 22/2014 Foru Legearen arabera, elkarrizketa soziala “interes orokorrak, komunak, sektorialak eta intersektorialak sustatu eta defendatzeko jarduera eta ekintzak dira, langile eta enpresaburu guztiei dagozkienak”, bereziki “negoziazioari eta ituntze ekonomiko, sozial eta laboralari” dagokionean, bai eta “gizartearen bizi kalitatean eragiten duten” izaera orokorreko beste gai batzuk ere.


Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sortzeko Akordioa, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eta Cener-Ciemat Fundazioa finantzatzeko 7.959.326 euroko kreditu berezia emateko FLPak Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztu zuten osoko zuzenketa gainditu zuen, bakarrik atxiki gabekoen babesa jaso eta otsailaren 26ko Osoko Bilkuran bazter geratu zena.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 12. zk., 2015-01-30ekoa)
• Osoko zuzenketa (NPAO, 12. zk., 2015-01-30ekoa)
• Hein bateko zuzenketak (NPAO, 36. zk., 2015-03-10ekoa)