Publicada el Donnerstag, 12 de März de 2015

Parlamentuak Fernando Redonen Obra Zibikoa agertzen du

Erakusketa arkitekturaren, arte plastikoen, hezkuntzaren, gizartearen eta kulturaren esparruetan egin duen lan zabalaren inguruko ibilbidea da, eta atondoan jendaurrera irekita egongo da maiatzaren 20a arte

Parlamentuko lehendakari Alberto Catalanek Fernando Redonen (Iruñea, 1929) Obra Zibikoa laburtzen duen erakusketa antologikoari hasiera eman dio gaur. Fernando Redon Nafarroako arkitekto nabarmena da eta 2004 Kulturaren Vianako Printzea Saria jaso zuen. Argazkilaritzan, margolaritzan eta diseinu grafikoan ere nabarmendu da.


Ekitaldia Parlamentuko egoitzaren atondoan egin da eta bertan izan dira Maite Esporrin, Mahaiko lehenengo idazkaria, Koldo Amezketa, bigarren idazkaria, Enrique Maya, Iruñeko alkatea, Ana Carmen Zabalegui, Nafarroako Gobernuko kulturako zuzendari nagusia, Mariano Gonzalez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakaria, Roman Felones, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko lehendakaria, eta Luis Manuel Fernandez, erakusketaren komisarioa, bai eta hainbat kolektibo kulturalen ordezkariak eta hainbat taldetako parlamentariak ere.


Alberto Catalanek erakusketari hasiera emateko saioan adierazi duenez, erakusketaren xedea Fernando Redonen obraren nondik norakoa azaltzea da. Arkitekto horrek “berrikuntza humanismoarekin nahasten du, konplexutasun formala funtzionalismoarekin eta espresionismo kontzeptuala sinboloak eta manifestazio erretorikoak errespetatzearekin”.


Ildo horretan, lehendakariak azpimarratu duenez, “obra XX. mendeko bigarren erdian Nafarroako arkitekturan berritzailea izan zen eta Redonek ondare historikoa mantentzeko eta kultura sustatzeko proiektuetan, Nafarroako arte historikoari buruzko erakusketak antolatzeko eta komisariotzarako, Nafarroako naturari eta arteari buruzko liburu instituzional nabarmenetan parte-hartze zabala eta anitza izan zuen”.


Horrela, “herriaren sortzaile eta herritarren sortzaile” izan zela esan ondoren, Catalanek Redonek Nafarroa “aurrera doan” eskualde “ireki eta solidarioa” izaten lagundu zuela azpimarratu du eta pozik agertu da “nafarrei haren ibilbide profesional eta humanoa agertzeagatik, hori baita, azken finean, erakusketa honek jasotzen duena”.


Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Europako Eguna aipatu eta saioari amaiera eman baino lehen, lehendakariak azpimarratu duenez, Redonen “lan egiteko gaitasunaren atzean jakin-mina eta haren lurraldearekiko konpromisoa daude. Humanismoa darion maisu honek, zalantzarik gabe, itzala utziko du. Redonek, eltze askotako burruntzaliak, esango lukeen moduan gaizki ateratzen denarekin ikasten da. Beste batzuek esperientzia deritzote”.


Bestalde, Fernando Redonek “esker handiko egunak” bizitzen ari dela aitortu du. “Bidearen azken txanpan zaudenean burua ongi izanda iristea oso polita da. Omenaldia hil ondorengoa ez izatea ere garrantzitsua da. Nire laguntzaileei, nire lagunik onenei, zor diet. Badakit nik margolaritzaren I+G+Bn eta abangoardiako artean egin dudan ekarpena oso txikia izan dela, baina beti hiru gauza egiten saiatu naiz, nire buruarekin zintzoa izaten, ekiten eta modei ihes egitea, izan ere, arkitekturan, okerren bat egiten baduzu, hori zaborretarako geratzen da”.


Luis Manuel Fernandez erakusketaren komisarioak Fernando Redonek bizitzan eta artean egin duen ibilbideaz mintzatu da, “lurralde honetako arkitekturaren maisu handienetako bat, humanista bat, Berpizkundeko artista bat eta, aldi berean, artista garaikide bat. Haren obraren bolumena eta kalitatea dela-eta, zailena kanpoan zer utzi erabakitzea izan da. Ez da arkitekto gisa bakarrik nabarmendu, akuarela-margolari, margolari eta argazkilari gisa ere bai. Oliozko margolanak munduaren inguruko bidai bat dira, Europan, Amerikan eta Asian gehien gustatu zaizkion paisai natural eta urbanoetan zeharko bidai bat, haien artean, Veneziak aipamen berezia merezi du”.


Ekitaldia Coral de Cámara abesbatzaren parte-hartze musikalarekin amaitu da.


Fernando Redonen Obra Zibikoa, arkitekturaren, arte plastikoen, hezkuntzaren, gizartearen eta kulturaren esparruetan egin duen lan zabalaren inguruko ibilbide panoramikoa da. Arkitekturako lanen txuri beltzeko argazkien handiagotzez, oliozko 27 margolanez, marrazkiz, akuarelaz eta argazkiz, hainbat argitalpenen ale originalez eta hainbat azalpen panelez osatuta dago.


Parlamentuko egoitzaren atondoan jendaurrera irekita egongo da maiatzaren20a arte, 10etatik 20etara, astelehenetik ostiralera. Larunbatetan, 11:00tatik 14:00tara.