Publicada el Donnerstag, 29 de Januar de 2015

Ikerketa Batzordeak informazio eskaera guztiak izapidetu ditu

Txosten bat eskatu die Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei eskatu den informazioa emateari buruzko derrigortasuna nondik-norakoa den zehazteko

CANen desagertzeari dagokionez arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko asmoz eratu zen Ikerketa Batzordea gaur (2015-01-29) bildu da lanerako plangintza bat diseinatzeko, zeina, momentuz, taldeek egindako informazio eskaera guztiak izapidetzea den (ez dira parte-hartzeak baloratu).


Aldi berean, Batzordeak txosten bat eskatu die Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei taldeen eskaerek ukitutako era guztietako pertsona, erakunde eta organoek eskatu duten informazioa emateari buruzko derrigortasuna nondik-norakoa den zehazteko.


Onetsi diren arauei jarraiki, Batzordearen xedea da ikertzea arduradunek, Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak, hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru Komunitatea egungo egoerara eraman dutenak, bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu baitu, baita prozesu osoak eta burututako abusuek eragin dituzten erantzukizun politikoak zehaztea ere.


Ikerketa Batzordearen burua Segio Sayas (UPN) da, baina gainera Carlos García Adanero (UPN), Santos Cerdán, Juan José Lizarbe (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa (Bildu), Patxi Zabaleta, Xabi Lasa (Aralar-Nabai), Ana Beltrán eta Amaya Zarranz (PPN), Txema Mauleón, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi parlamentariek osatzen dute.


CANen desagertzeari buruzko Ikerketa Batzordea osatu dute


Sergio Sayas lehendakari izendatu ondoren, parte-hartze proposamenak eta informazio eskaerak aurkezteko epe bat ireki da astearteko 12:00ak arte


Gaur goizean (2015-01-22) hilaren 15eko Osoko Bilkuran Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek hala eskatuta onetsi zen Ikerketa Batzordea eratu da. Xedea da zehaztea “arduradunek (Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak) hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru “bertako finantza-tresna garrantzitsuena” galtzera eragin dutenak”. Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak eta PPNk ere proposamenaren alde egin zuten, baina UPN kontra agertu zen.

Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalánek, aipatu batzordea eratzeko saioa gidatu du. Lehendakaritza Sergio Sayasek (UPN) hartu du, UPNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen abstentzioarekin. Beste hautagaiak, Xabi Lasak, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoaren babesa jaso du.


Sayas inbestitu ondoren, Ikerketa Batzordea ateak itxita bildu da lanerako plangintza zedarritzeko, besteak beste, adostuta datorren asteartearen, hilaren 27aren, 12:00ak arte epe bat irekitzea parte-hartze proposamenak eta informazio eskaerak aurkezteko. Hurrengo bilera ateak itxita egingo da ostegunean, hilaren 29an, 12:00etan.

Ikerketa Batzordearen zeregina da “Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak hala eskatuta iragan abenduaren 1ean Foru Erregimenaren Batzordearen baitan ustelkeria kasuak prebenitzera eta politikoki zigortzera bideratutako ideiak lantzeko asmoz osatu zen Batzordeari gutxieneko sinesgarritasuna ematea”.


Horri dagokionez, Ikerketa Batzordearen sustatzaileek baieztatzen dute “Nafarroako herriak, bertako administrazio publikoak, enpresaburuak, autonomoak eta enpresa ertain eta txikiak” dagoeneko eragin ekonomiko “oso negatiboak” pairatzen ari direla, CAN beste banku entitate batek “saldu baino pixka bat lehenago zuen egiazko balorazioa baino askoz prezio baxuagoan” erosteak eragin dituenak.


Horregatik guztiagatik, bai CAN “egiaz desagertzeko” bai “sortzeko arrazoia izan zen gizarte- eta finantza-funtzioa betetzeko gaitasuna galtzeko” bidea ekarri zuten erabakiak “argitzeko” lan egitea proposatu dute. Hori guztia, ahaztu gabe “entitate formal gisa duen etorkizuna zalantzan jarri dela, Fundación Caja Navarra fundazioa kontrolatzeko Estatuaren esku hartze batek izan litzakeen ondorioak direla-eta”.


Onetsi diren arauei jarraiki, batzordeak boto haztatuaren sistemaren bidez hartuko ditu erabakiak, halako moldez non bozeramaile bakoitzak bere taldea osatzen duen parlamentari kopuru adina boto jasoko dituen. Atxiki gabekoak beste atxiki gabeko parlamentariaren botoa jasoko du, botoa eskuordetu baitio.


Dokumentazio eta informazio eskaerak hartzaileak jasotzen duenetik zenbatzen hasita berrogeita zortzi orduko epean erantzun beharko dira. Informazioa eta dokumentazioa batzordearen lehendakariari emango zaio zuzenean hark osatzen duten parlamentariei helaraz diezaien.


Parlamentuko lehendakariak Batzordean parte-hartzeko eskaerak zitazio fede-emaile bidez burutuko ditu, gutxienez 3 egun lehenago eta honakoa adierazi beharko du:


a) Batzordeak errekeritzea adostu zueneko data.


b) Errekerituaren izen-abizenak.


c) Parte hartu behar duen lekua, eguna eta ordua.


d) Parte-hartzen ez badu Zigor Kodearen 502.1 artikuluan xedatzen duen desobeditze-delitua ekarriko duela dioen ohartarazpena.


e) Parte-hartzea zeri buruzkoa izan beharko den.


f) Konstituzioak aitortzen dituen eskubideak errespetatzen direla dioen berariazko adierazpena, bereziki pertsonen intimitatea eta ohorea, sekretu profesionala eta kontzientzia klausula.


g) Parte hartzeko saioa komunikabideentzat irekita egongo dela dioen ohartarazpena. Alabaina, parte hartzaileak saioa isilpekoa izan dadin eskatu ahal izango dio batzordeari, horretarako arrazoiak adierazita.


Errekeritutako pertsona funtzionario publiko bat bada, bere hierarkiako nagusi hurrenari zitazioaren kopia bat bidaliko zaio, soilik hura jakinaren pean egon dadin. Errekerituak laguntzeko izendatzen duen pertsonarekin parte hartu ahal izango du. Batzordean parte hartu baino lehen, batzordearen lehendakariak parte-hartzaileari testigantzan egia ez esateari buruz Zigor Kodearen 502.3 artikuluan zer xedatzen den ohartaraziko dio.


Ikerketa Batzordeak bere zereginetan jarraituko du egokitu zaion lana bukatu arte, martxoaren 16a baino lehen amaitu eta txosten batean jaso beharko duena.


Nafarroako Kutxaren Administrazio Batzordeak eta zuzendaritzako kideek izan zuten jokabidea dela-eta erantzukizunak argitzera bideratutako Ikerketa Batzordeak hiru saiakeren ondoren egin du aurrera. Lehenengoa (2012-10-26) UPNren, SNren eta PPNren aurkako botoekin bazter geratu zen, eta beste bi gehiago berrikiago (2012-12-21 eta 2013-6-14) UPNren eta SNren aurkako botoekin. Hiru kasuetan, ekimenak Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek aurkeztu zituzten eta atxiki gabekoek bazter geratu zen azkena bakarrik.