Publicada el Donnerstag, 15 de Januar de 2015

Amatasunaren babesa ezarri eta arautzen duen foru lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Haurdun dauden emakumeak eta jaio gabeko ernalduak babesteko beharrezkoak diren baliabideak, alor sozial eta juridikoak, hezkuntzakoak, osasun arlokoak edo laguntzakoak ezartzea proposatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, amatasunaren babesa ezarri eta arautzen duen foru lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.


PPNk bultzatu duen lege proposamenaren xedea zen “emakume haurdunak babestera zuzenduriko neurriak eta jarduketak diseinatzea, batez ere babesgabetasunean edo gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeentzat eta jaio gabeko ernaldua babestea, eta xede hori lortzeko beharrezkoak diren baliabideak, alor sozial eta juridikokoak, hezkuntzakoak, osasun arlokoak edo laguntzakoak, ezartzea ahalbidetuko da.


Ildo horretan, amatasunaren “babesa eta giza arreta” ziurtatzeko, emakume haurdunei kasuan kasuko prestazio edo laguntzak jasotzeko “lehentasuna ematea” proposatzen zen, bai eta neurriak hartzea haurdun dauden emakumeek lan-bazterketarik edo -kalterik jasan ez dezaten bere haurdunaldi edo amatasunagatik, bai une horretan duten lanpostuan, bai geroago lanpostu berri bat eskatzerakoan.


Era berean, proposatzen zen “arreta berezia” eskaintzea babesgabetasunean edo/eta gizarte bazterketako arriskuan dauden 30 urtez beherako emakume haurdunei, eta “berariazko laguntza” ematea adingabeei. Horientzat honakoak aurreikusten ziren: amatasunerako hezkuntza, “bere adin eta egoerara egokitua”; laguntza psikologikoa, “erditzearen aurretik nahiz ondoren”, eta derrigorrezko ikasketan egiten ari diren adingabeei dagokienez, eskolako ordutegiak eta planak bere beharren arabera egokitzea, haurdunaldian zehar eta erditzearen ondorengo bi urteetan.


Ildo horretan, baieztatzen zenez, hezkuntzaren arloko arduradunek “zainduko dute aurreikuspen hori guztiz betetzen dela, eta behar diren bitartekoak eta neurriak jarriko dituzte haurdunaren errendimendu akademikoa ahal den onena izan dadin, haurdunaldiaren eta amatasunaren ondoriozko betekizunekin bateragarria izateko moduan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 129. zk., 2014-11-21ekoa)