Publicada el Freitag, 19 de September de 2014

Espainiako Gobernua langabezia-sorospena zabaltzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden pertsonei, diru-sarrerarik ez badute eta familia erantzukizunak badituzte, bai eta gizarteratzeko berariazko zailtasunak dituzten kolektiboei ere

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta PPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “berehala eta urgentziaz alda dezan ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, halako moduan non, 2014ko abuztuaren 1etik aitzina, langabezia-babesa hedatuko baitzaie, bere laguntza-mailan, enplegu-zerbitzu publikoan urtebete baino gehiago izena emanda dauden langabetu guztiei, baldin eta familia-ardurak badituzte eta errenta-gabeziako baldintzak betetzen badituzte”.

Xedatzen denez, sorospen hori “orobat hedatuko zaie genero indarkeriaren biktima izan direla frogatu duten emakumeei, minusbaliotasun gradua ehuneko 33koa edo handiago dutela frogatzen duten pertsonei, edo beren lan-ahalmena arestian adierazitako ehunekoan gutxiturik izatea dakarren ezgaitasuna onarturik dutenei, eta 45 urtetik gorako langabetuei, baldin eta gizarteratze-errenta aktiboa agortu badute edo programa horretan sartzeko eskubidea eskatzeko egunaren aurreko 365 egun naturaleko epearen barruan badaude”.

Sorospen hori “sei hilabetez emanen da, eta epe hori aldian-aldian luzatu ahalko da langabetua legezko langabezia-egoeran dagoen bitartean. Babes-mekanismo hori mantenduko da harik eta langabezia-tasa ehuneko 15etik beherakoa izan arte”.

Sorospen horren zenbatekoa “izanen da Ondare Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren 100eko 80, kasu bakoitzean indarrean dagoen adierazlea aintzat hartuta. Langabetuak osorik jasoko du zenbateko hori, nahiz eta langabezia lanaldi partzialeko lanpostu bat galtzeagatikoa izan hasiera batean. Sorospenaren zenbatekoa, berriz, onuradunaren familia-arduren arabera igoko da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 217.2 artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, zein ere den bere adina. Familia-arduren artean adingabeak egonez gero, zenbateko hori adingabe bakoitzeko 100 euro handituko da”.

Sorospen hori jasotzeko “ez da baldintza izanen aurretiaz kontribuzio- edo laguntza-prestazioren bat agortu izana; baldintza bakarra izanen da kolektibo bakoitzaren definizioan beren exijitutako eskakizunak betetzea”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “berehala ezar dezan, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta gizarte-solaskideekin ados jarrita, iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden pertsonentzako enplegu plan berariazko bat”.

Plan horrek “betiere jasoko du enplegu-zerbitzu publikoen dotazioa handitzea, enplegu-teknikari berriekin, banakako arreta eskaintzeko iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden pertsonei; gutxienez ere, enplegu-sustapenean eta -orientazioan aditu diren 3.000 pertsonakoa izan arte”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak aipatzen du krisiaren iraupen luzearen ondorioz langabeziaren babes-sistemak ez duela nahikoa baliabiderik. Izan ere, “5.616.011 pertsona daude langabezian, zeinetatik soilik 1.773.573k jasotzen baitute prestazio motaren bate do beste; beraz, 740.000 familiak dituzte beren kide guztiak langabezian eta inolako diru-sarrerarik jaso gabe”.

Horregatik, eta kontuan hartua aurten, orain arte, 2.236 milioi euro jaitsi dela prestazioetan eginiko gastua, proposatu duen taldeak langabezia-sorospena hedatzearen alde egiten du, “orain ia ez baita Enpleguko Institutu Nazionalean izen emandakoen % 58ra heltzen (% 56,3 Nafarroan)”.

Bestalde, “bereziki ahulak” diren kolektiboak aipatzen dira, besteak beste, indarkeriaren biktima diren emakumeak, ezgaitasunen bat pairatzen duten pertsonak, 45 urtetik gorako pertsonak eta gazteak, horiek baitira “bidegabekeria sozial larri” honetatik ateratzeko premia dutenak, are gehiago aurreikusten baita “hamarkada bat igaro beharko dela atzerakada hasi aurretik zegoen enplegu-maila berreskuratzeko”.

Ekimenaren titular PPNk ordezkatze zuzenketa bat aurkeztu du non Espainiako Gobernua premiatzen den “hirualdeko negoziaziorako proposamenak adosterakoan hartutako konpromisoak garatzera, ekonomia eta enplegua suspertze aldera iragan uztailaren 29an Mariano Raxoik, CCOOk, UGTk eta VEPYMEk sinatu zituztenak, azken lau horiek solaskide sozial gisa”.

Zehazki, PPNk proposatzen zuen “albait azkarren iraupen luzeko langabetuak aktibatzeko eta gizartearen babeserako tresnak eraginkorragoak eta efikazagoak izateko” neurriak abian jartzea.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 2014-09-05ekoa)