Terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta omentzeko eguneko ekitaldia
Catalánek Zuzenbide Estatuaren garaipenaren alde egin du apustu eta Javier Murok, Hirugarren Atea (La tercera puerta) lanarekin, terrorismoaren biktimak gogoratzeko egindako arte-lehiaketa irabazi du
Gaur, Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko eta Omentzeko Eguna dela-eta, ETAk Nafarroan erail zituen pertsonak omentzeko, Parlamentuan egin den ekitaldiaren hasieran Alberto Catalánek “gorrotoa eta biolentzia bultzatzen duten omenaldi mespretxagarriak egiten dituztenen” aurka, “demokraziaren orainaren eta etorkizunaren oinarria osatzen dutenen oroimena eta duintasuna” azpimarratu du.
Alberto Catalánek Felipe VI.-ak Errege aldarrikatu zutenean erabilitako hitzak bereak egin ditu honakoa baieztatuz: “Iraganera begirada bat bota beharko bagenu, nostalgiarik gabe baina gure historia erabat errespetatuz egitea gustatuko litzaidake, banandu edo zatitu gaituena gainditzeko espirituaz baliatuz, batzen gaituen eta etorkizunari begira indarra nahiz irmotasuna ematen digun guztia gogoratu eta ospatu ahal izateko”.
“Errespetu handiz ere gogoratu behar ditugu beti, gure askatasuna defendatzeagatik sufritu eta bizia galdu zuten terrorismoaren biolentziaren biktima guztiak. Haien oroitzapenak geure oroimenean eta bihotzean iraungo du. Eta Zuzenbide Estatuaren garaipena, geure maitasun osoarekin batera, merezi duten duintasunaren aldarrikapen onena izango da”.
Amaitzeko, Catalánek hilketen min erantsia ulertzen duela adierazi du, biktimen familiek bizi izan dituzten “une latzak” ulertzen dituela, senideek “hiltzaileetako asko kartzelatik ateratzen direla eta haientzat omenaldi mespretxagarriak egiten dizkietela ikusi behar baitute, oraindik ere 300 hilketa baino gehiago argitzeke daudelarik”.
Hori dela eta, Catalánek baieztatu du “gaur Parlamentu honek oroimenarekin bat egin nahi duela eta terrorismoaren biktimei bihotzez egindako omenaldi merezitu eta justua eskaini nahi diela, 2010eko martxoaren 11n, Diputatuen Kongresuak 11M-aren atentatuen seigarren urteurrenaren harira ezarri zuen Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko eta Omentzeko Eguna dela-eta.
Nafarroako Parlamentuko presidentearen hitzen ondoren, Atariaren erdian 45 kandela jarri eta piztu dituzte, hiru, terrorismoaren biktima guztien oroimenean, eta gainerakoak Nafarroan eraildako pertsonen oroimenenean. Jarraian, minutu bat eman dute isilik terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko.
Ondoren, terrorismoaren biktimak gogoratzeko artelan plastiko bat egiteko ideien lehiaketaren saridunak jakinarazi dira. Horretarako, Maite Esporrínek, Mahaiko idazkari nagusiak, epaileen akta irakurri du. Javier Muro irabazle atera da, Hirugarren atea (La tercera puerta) lanarekin, ate itxi bat eta oroitarri bat irudikatzen duena. Hamabi lan aurkeztu dira guztira.
Epaimahaiak lanaren mezu “filosofiko kontzeptuala” eta horren “adierazgarritasun sotila” azpimarratu du: Mezuak “arte zein kontzeptu gisa luze iraungo du eta terrorismoaren ondorioz bizia galdu duten pertsona guztiei nafar gizarteak egiten dien aitorpenari buruzko gogoetan harrapatzen eta murgiltzen” ditu bisitariak.
Horregatik guztiagatik, lehiaketaren oinarrien arabera, epaileek Javier Murori 2.000 euroko saria ematea eta hark bere artelana gauzatzea erabaki du, aurkeztu duen proiektuari jarraiki eta gehienez 16.000 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZ).
Alberto Catalán izan da epaimahaiko presidentea. Gainera, honako mahaikideak bildu dira: Samuel Caro Sádaba, Nafarroako Parlamentuko lehenengo presidenteordea, Maite Esporrín Las Heras, Nafarroako Parlamentuko idazkari nagusia, María Caballero Martínez, Tomás Caballero Fundazioaren ordezkaria, M.ª Mar Blanco Garrido, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren presidentea, Mariano González Presencio, Arkitektua, Mercedes Jover Hernando, Nafarroako Museoko zuzendaria, Javier Briongos Ibáñez, Castel Ruiz-eko zuzendaria eta Tuterako Muñoz Sola Museoko arduraduna eta Javier Manzanos Garayoa, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria. Epaimahaian, idazkaritza lanetarako Miguel Esparza Orozen, Ganberako letradun nagusiaren, laguntza izan dute.
Javier Murok, 46 urteko iruindarrak, hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Nafarroako Eskultura Saria, Caja Espainiako Nazioarteko Eskultura Saria eta Caja Madrileko Saria. Fuerte del Príncipe eskulturaz gain, lan publikoak ere egin ditu, hala nola, Iruñeko NUPeko kanpusean, Bertizen, Madrilen, Hego Korean eta Santiagon (Txile). Hainbat erakunde edo bilduma pribatuentzat ere lanak sortu ditu (Nafarroako Museoarentzat, Iruñeko Udalarentzat edo Errege-etxearentzat, besteak beste).
Ekitaldiari amaiera emateko, María del Mar Blancori, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren presidenteari, grabatutako hitzaldia proiektatu da. Hark “izu eta minez beteriko iragana ezin dela ahaztu” adierazi du, “elkarbizitza demokratikoan, hots, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki ahal izateko”.
Epaile gisa, María del Mar Blancok artelanaren mezuaren sakontasuna azpimarratu du. Harentzat mezu horrek “oroimenaren ahotsa, terrorismoaren lazgarritasuna jasan duten bost hamarkaden oroimenaren ahotsa izan nahi du. Eta honakoa gehitu du: “Hirugarren atea egia, oroimena, duintasuna eta justizia uztartzen ditu, eta horixe bera da gure Fundazioak lortu nahi duena.”
Ekitaldira, besteak beste, pertsona hauek gerturatu dira: Samuel Caro eta Maite Esporrín mahaikideak, Yolanda Barcina Gobernuko presidentea, Miguel Sanz presidente ohia, Javier Gómara Parlamentuko presidente ohia, Javier Morrás, José Iribas, Marta Vera, Iñigo Alli eta Luis Zarraluqui kontseilariak, Javier Enériz arartekoa, José Antonio Sánchez Nafarroako Foru Komunitateko salatari publiko nagusia, Pachi Yanguas diputatua, Pedro Eza eta María Chivite senatariak, Pablo Zalba eurodiputatua, María Caballero Iruñeko Udaleko alkateordea, Álvaro Michael Sacristán Nafarroako komandante-jeneral militarra, Eloísa Ramírez NUPeko errektoreordea, bai eta UPNko, Nafarroako Alderdi Sozialistako, PPNko, Izquierda-Ezkerra alderdiko parlamentariak eta Manu Ayerdi atxiki gabeko kidea ere. Azkenik, biktimen familiak eta Tomás Caballero Fundazioaren ordezkariak ere izan dira bertan.
Oroitzapenezko ekitaldian ere argazki erakusketa bat egon da, “ETAk eragindako mina eta atsekabea islatze” aldera. Erakusketa Javier Marrodán, Jorge Nagore eta Javier Errea artisten 40 egun gorri. ETAk Nafarroan eginiko hilketak. Terrorismoaren hiru hamarkada irudietan. (40 días rojos. Asesinatos de ETA en Navarra. Tres décadas de terrorismo en imágenes) laneko irudien bilduma da.
Erakusketa Tomás Caballero Fundazioarena da eta bere helburu nagusia “terrorismoaren biktimei esker onak emateko omenaldia egitea eta haien oroimena bizirik mantentzea da”.
Erakusketa ikusgai egongo da Parlamentuaren Atarian uztailaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera 10etatik 20etara.