Publicada el Donnerstag, 10 de April de 2014

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzea onetsi dute

Toki entitatearekiko zorrak direla-eta zor horiek premiamendu bidez kobratzeko prozedura irekita duten partikular edo entitateei udal-laguntzak ematea bermatzen du

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzea aho batez onetsi du gaur.

Aldez aurretik, Osoko Bilkurak zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetzearekin onetsi du.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztu duen foru legearen xedea toki entitatearekiko zorrak direla-eta zor horiek premiamendu bidez kobratzeko prozedura irekita duten partikular edo entitateei laguntza ekonomikorik ezin eman izatea ekiditea da.

Zioen azalpenean, gaur egungo krisi ekonomikoa dela medio dagoen “salbuespeneko” egoera aipatzen da, bai eta familien “zaurgarritasuna areagotzea, bereziki kezkagarria da familietan adingabeak daudenean”. Horregatik, baliabide horiek premiaz behar dituzten familia unitateei udal-laguntzak ez kentzeko, salbuespen hori jasotzen da 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan idatz-zati berri bat gehituta.

Antzeko helburuarekin eta halaber SNk hala proposatuta, Parlamentuak 6/2013 Foru Legea onetsi zuen, otsailaren 25ekoa, bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituena.

Egindako aldaketarekin, 223. artikulua honela idatzita geratu da:

“Ez zuzenean ez zeharka ematen ahalko zaie dirulaguntzarik zein bere Hazienda Lokalaren zergapeko partikular edo erakundeei, Legeak aipatzen ez dituen salbuespen fiskalak, edo harekin egindako zorrak kitatu edo gutitzea dakartzen neurrian. Ez zaie ere dirulaguntzarik ematen ahalko entitate lokalarekin zergak egiteagatik premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden partikular edo erakundeei.

Aurrekoa gorabehera, toki entitateak laguntza ekonomikoak ematen ahal dizkie berarekin dituzten zorrak direla-eta zor horiek premiamendu bidez kobratzeko prozedura irekita duten partikularrei, baldin eta hori espresuki jasotzen bada aipatu laguntzen gaineko arauean, eta arau horretan adierazitako baldintza eta moduan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 2014-04-1ekoa)