Publicada el Donnerstag, 27 de März de 2014

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea aldatzea onetsi dute

Barrutien zaintzari buruzko 51. artikuluaren testua aldatzen da, ehiztarien artean sortutako ziurgabetasun egoerak eta interpretazioari buruzko zalantzak saihesteko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta Bildu-k eta Aralar-Nabaik haren aurka emandako botoekin, Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen 23/2013 foru legea aldatzea onetsi du gaur.

Aldez aurretik, Osoko Bilkurak zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetzea adostu du. UPN, SN, PPN, I-E eta atxiki gabekoak alde agertu dira eta Bildu eta Aralar-Nabai aurka.

UPNk aurkeztu duen foru legearen xedea 51. Artikulua aldatzea da, ehiza barrutien zaintzari dagokiona, hala ehiztarien artean sortutako “ziurgabetasun egoerak eta interpretazioari buruzko zalantzak” saihesteko.

Egindako aldaketarekin, horrela geratzen da 51. artikulua:

“Edonola ere, barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du ondoko jarduerak egin ahal izateko:
a) Populazioak maneiatzea, eta horren barruan sartuko dira askatzeak, birpopulatzeak eta translokazioak. Edonola ere, ehiza espezieen birpopulatze bat baimendu denean, eta espezie horiek ehizatzea debeku den denboran, eta barrutiak bestelako espezieak ehizatzeko aukera ematen duenean.
b) Oreinak zelatan ehizatzea
c) Monteriak.
d) Populazioen urtealdi-kontrolak.
e) Kudeaketa okerrarengatik edo pozoia eta amu pozoituak jartzeagatik edo lege indardunek debekatzen dituzten gai toxikoak erabiltzeagatik barrutia osorik edo zati batean itxi denean, administrazio edo zigor espediente bate do kautelazko neurri bat betetzeko. Kasu honetan, ehizazaina barrutian egonen da, bertan egiten den lehenengo ehiza-denboraldi gauzatua bukatu arte”.

Gainera, lege honen artikulu bakarraren erreformak Parlamentuak iragan ekainaren 27ko Osoko Bilkuran onetsi zuen ehizaren araudiaren eguneraketan antzemandako bi akats zuzentzen ditu. Alde batetik, xedatzen da barrutiaren titularraren betebeharren artean dagoela “zaintza-sistema bat ematea barrutiari, four lege honetako 51. artikuluan aurreikusitako jarduketak egiteko”.

Bestetik, aprobetxamenduaren titularraren betebeharretatik ezabatzen da barrutiaren titularrari dagokion bat, alegia, “epizootiak izan litezkeen gaixotasunak agertzen badira Ingurumen Departamentuari jakinaraztea, bai eta barrutietan pozoitze eta debekatutako arteen erabileraren inguruan jakinaraztea ere”.

Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bost zuzenketa aurkeztu ditu, baina bakarrak egin du aurrera, Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde emandako botoekin, atxiki gabekoen abstentzioarekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin.

Zuzenketa horrekin, ehizazaina presentzia ziurtatzen zen “salbuespenezko ehiza baimenak gauzatzerakoan, izan 39. artikuluan aurreikusitako metodoak erabiltzeagatik, izan ohiko ehiza denboralditik kanpo egiteagatik, gauez basurdeak itxoitea barne. Eta araudiari jarraiki burutzen ahal diren beste horietan ere bai”.

Gainerako zuzenketak bazter utzi dira UPNk, SNk, PPNk eta atxiki gabekoek haien aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde emandako botoekin.

Batek ehizazainen lana “errentagarri egin” nahi zuen gobernua edo eskuordetzen duen autoritatea “lehentasunez ondoz ondo dauden barrutiak taldekatzera” baimenduz, betiere aldez aurretik ukitutako udalei galdetuta, halako moduz non “iparraldeko eremuan 25.000 hektarearaino dituen eta hegoaldeko eremuan 15.000raino dituen barruti unitate bakoitzak ehizazain bat izango duen”.

Beste baten xede zuen barrutiaren titularraren edo titularren “betebeharra” dela ehizazaina kontratatzea dela argi uztea.

Hirugarren batek “desagertzeko arriskuan dauden barruti horien baldintzak hobetzen laguntzeko” asmoa zuen, “ehiza maila baxuagoa edo prebentzioari buruzko plan bat duten barruti horiek urte osoan zehar” zaintza-sistema bat izatera behartuz, “betiere desagertzeko arriskuan dauden espezieak kontuan hartuta”.

Azkenak legean ehizazainaren figura txertatzearen alde egiten zuen, otsailaren 2ko 7/2012 foru dekretuan xedatutakoari jarraiki hark barrutietan egon behar izatea derrigorrezkoa izan edo ez.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 38. zk., 2014-03-14koa)