Parlamentuak Gobernua premiatzen du San José Zentroko igerileku terapeutikoko obrei berehala ekin diezaien eta obra horiek egiten diren bitartean ordezko toki bat presta dezan
Hainbat toki entitateren ekimena nabarmentzen da, Gobernuaren jarduera ezaren aurrean, haiei ez dagokien zerbitzu bat betetzea erabaki baitute
Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Gobernua “Iruñeko San José Zentroko igerileku terapeutikoa konpontzeko eta funtzionatzen jartzeko obrak berehala has ditzan” premiatzen duen ebazpena, iragan apiriletik zerbitzuz kanpo baitago.
Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “ordezko espazio bat presta dezan, obrak egiten diren bitartean terapia horiek egin ahal izateko”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Gizarte Politiketako Departamentua premiatzen da “finantzaketa-hitzarmenak sina ditzan toki entitateekin, baldin eta interesa agertzen badute eta igerileku publiko aire-girotua badaukate, instalazio horiek ezgaitasuna duten pertsonen erabilerarako egokitzeko, bai eta ezgaitasunaren tratamenduan espezializatutako monitoreek emandako programa terapeutikoak finantzatzeko ere”.
Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenak bereak egiten ditu familiek eta ezgaitasunak dituzten pertsonen Nafarroako kolektiboari laguntzeko entitateek egin dituzten eskaerak, izan ere, Gobernuak “ez du zehaztu noiz pentsatzen duen igerilekua konpontzea eta ez du inongo konponbiderik eman” zerbitzu hori emateko, soilik “emaitza berdinak ematen ez dituzten” ordezko terapiak eskaini baititu.
Proposatu dutenek Gobernuak bultzatu duen murrizketen politikaren nondik norako “etikoa eta humanoa” zalantzan jartzen dute eta hainbat toki entitateren ekimena baliozkotzen dute, haiek beraien kabuz “haiei ez dagokien” zerbitzu bat ematea erabaki dute-eta.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 150. zk., 2013-12-20koa)