Publicada el Mittwoch, 11 de Dezember de 2013

Jorge Oteiza 1908-2003 lanaren sorta baten erausketari hasiera emateko ekitaldia

Erakusketak artistaren heriotzaren hamargarren urteurrena eta haren Fundazio Museoaren lehenengo hamarkada oroitzen ditu eta sormenezko aldietako 14 pieza hartzen ditu

Parlamentuko lehendakari Alberto Catalánek hasiera eman dio gaur Jorge Oteizaren heriotzaren hamargarren urteurrena dela-eta eta haren Fundazio Museoa abian jarri zenetik lehenengo hamarkada igaro dela-eta antolatu den erakusketari. Erakusketa Gipuzkoako eskultorearen adierazpen ugari eta sormenezko aldietako pieza garrantzitsuen sorta batez osatuta dago.

 

Ekitaldia parlamentuaren sarreran egin da eta hara bertaratu dira Txentxo Jiménez, bigarren lehendakari ordea, Maite Esporrín eta Koldo Amezketa, Mahaiko idazkariak, eta Gregorio Díaz, Oteiza Museoaren zuzendaria, bai eta parlamentu-taldeen ordezkariak ere.

 

Alberto Catalánek bere parte hartzean Nafarroako Parlamentuarentzat Oteizaren lanaren bat jasotzea “urguilu izugarria” dela aitortu du, “izan ere, artistak haren lana osotasunean Nafarroari eman zion eta haren izena duen museoa Foru Komunitateko aktibo kultural garrantzitsuenetako bat baita”.

 

Catalánek zoriontsu agertu da “Nafarroa, hasiera hasieratik, artistaren nahiak betetzearen alde egin duelako, alegia, eskultura, poesia-, eta teoria-lana mantendu, erakutsi, aztertu eta zabaltzea. Determinazio argi horri eta Oteizaren eskuzabaltasunari esker”, erkidego honek “ondare aberastasun paregabe eta berezi” batez gozatzen du.

 

Jorge Oteizaren figurari dagokionez, lehendakariak haren “konpromiso etikoa” eta “arteak gizartean funtzio bat betetzen duela ziur” zegoela nabarmendu ditu. “Oteizaren lana ez da soilik begiratzeko, aldiz, gizakia eraldatzeko tresna bat da, hortik datorkio haurren heziketari buruzko etengabeko kezka”.

 

Bestalde, Gregorio Díaz Ereñok Parlamentuak “espazio enblematiko eta berezi honetan” hain hurbila eta berezia den museo baten sorta bat hartzeko “interesa” izatea eskertu du. Artista erraldoi batek bere bizitzan izandako aldi garrantzitsu batean egindako lanaren berri izateko edo hartan sakontzeko aukera ona da. Oroitarazi nahiko nuke museoek herritarren ikasketak, hezkuntza eta aisialdia sustatzen laguntzen dutela”.

 

Jorge Oteiza 1908-2003’ erakusketak Jorge Oteizaren lehenengo lanen laburpen bat eskaintzen du, besteak beste, Arantzazuko eskultura-konposizioaren espresio figuratiboaren, Malevichen poliedroen, esferaren desokupazioaren eta eraikuntza hutsen eta lan konklusiboen adibideak ditu, baita museoko argazki eta klarion laborategiko irudiak ere. Erakusketa parlamentuaren sarreran bisitatu ahalko da urtarrilaren 31 arte, 10etatik 20ra, astelehenetik ostiralera.

 

Oteiza Museoaren bildumak 1.690 eskultura, 800 marrazki, klarion laborategiko 2.000 azterlan eta bere liburutegi pertsonaleko 5.000 liburu inguru ditu, baita hemeroteka zabala eta oraindik katalogatzen ari diren idatzi pila ere.

 

Alzuza bildumak eskultorearen sormenezko une guztien oso pieza adierazkorrak ditu eta Oteizaren kezka eta praktika eskultorikoetan zehar (XX. mendeko artearen lengoaia estetikoaren eboluzioarekin oso lotuta daudenak) ibilbide xehe bat egitea ahalbidetzen du.