Publicada el Freitag, 25 de Oktober de 2013

Nafarroako Gobernua sexu-heziketako plan orokor bat presta eta ezar dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Sexu-hezitzaileen garrantzia azpimarratzen da eta baliabide publikoak erabiliz osasuna eta prebentzioaren sustapena balioan jarriko dituen eredu bat bultzatzearen alde egiten du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “sexu-hezkuntzako plan orokor bat taxutu eta ezar dezan, osasunarekin, hezkuntzarekin eta gizartearekin lotutako elkarteen eta departamentuen jarduketa bateratuekikoa, sexu-hezkuntzako laguntza integraleko planak egiteko, sexu-osasuna sustatzea eta arriskuak prebenitzea helburu. Horretarako, dauden baliabide eta zerbitzu publikoen koordinazioa hobetzeko bideak ezarriko dira”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “hezkuntza-kontsultak sendotu ditzan, informazioa eta aholkua eskatzen duten herritarrei laguntza zuzen eta pertsonalizatua ematen baitzaie bertan”.

Era berean eta hirugarren puntu batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “beharrezkoak diren bideak eta baliabideak taxutu ditzan, beren lan-eremuetan sexualitatea eta ugalketa-osasuna jorratu nahi duten hezkuntzako eta arlo soziosanitarioko profesionalei laguntza eta aholku ematea helburu”.

Amaitzeko, Nafarroako Gobernua premiatzen da “osasunaren sustapena bultza dezan eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jar ditzan; bereziki, esku-hartze komunitarioak eta sexu-hezkuntzako jarduerak egitea populazio-talde ezberdinekin; esaterako, helduaroko emakumeekin, gurasoekin eta bestelako taldeekin”.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatu duten ebazpenak Nafarroako emakumeari laguntzeko zentroetan lan egiten duten sexu-hezitzaileen ordezkari batzuek haien lana zertan datzan azaltzeko parlamentuan egin zuten agerraldian egindako proposamenak jasotzen ditu. Horren karietara, Nafarroako Gobernua bultzatzen da defenda dezan “sexu-hezkuntza eredu bat balioan jarriko duena osasunaren eta prebentzioaren sustapena, baliabide publiko guztiak modu eraginkor eta efizientean erabiliz eta bermatuz”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 96. zk. 2013-09-09koa)