Publicada el Donnerstag, 13 de Juni de 2013

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako Nafarroako herritarrak omendu eta haiei ordain morala emateari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Legeak memoria historikoa berreskuratzen eta erakunde arteko esparruaren bidez justizia egiten lagunduko duten babes- eta bilaketa-neurriak garatzen ditu

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako Nafarroako herritarrak omendu eta haiei ordain morala emateari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da “1936an izan zen kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituzten pertsonen memoria historikoa berreskuratzea, eraildako pertsonen memoria aitortuz eta onduz eta, kasua bada, gorpuzkinak aurkituz eta lurpetik ateraz”.

Ekimenak administrazioak bilaketa “bere gain har” dezan nahi du, bai eta desagertuen errolda “xehe” bat egin ere, halako moldez non “familiei haien senitartekoak non dauden jakiteko eskubidea bermatuko dien, izan ere, leku ezezagunean dauden mila erail baino gehiago daude”.

Legeak gorpuzkinak lurpetik ateratzeko protokolo bat eta hilobi-mapa bat ezartzen ditu “Gobernuaren gorabeheren menpe ez dagoen” araudi bermatzaile bat eskaintzeko. Gainera, proposamenean memoriarako tokien figura gehitzen da, “Administrazioak aitortutako eta zaindutako” enklabe sorta bat; “Gobernuak mantentze-gastuak bere gain hartuko ditu”.

Halaber, “sinbolo frankistak kentzeko” errolda bat egitea, memoria historikoaren dokumentazio zentro bat sortzea eta hori guztia koordinatuko duen batzorde tekniko bat ezartzea proposatzen da.

“Betebehar humanitario” bati erantzuteaz gainera, Lege honek erreparatzen die Nafarroako parlamentuak 1936ko kolpe militarraren ondorioz (2003-0-10) fusilatutako herritar nafarrak omentzearen eta haiei dagokien ordain morala ematearen aldeko adierazpenari, “frankismoaren biktimen eskubideak aitortzeko eta azpimarratzeko lehenengo saiakera instituzionala”; Gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko 52/2007 Legean zehaztutakoari; eta Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarrak 2006ko martxoaren 17an Parisen adierazitakoari –izan ere, Espainian 1936tik 1975era bitarte giza eskubideen aurka egindako bortxaketa larriak salatu zituen–.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 44.zk., 2013-04-29koa)