Publicada el Donnerstag, 20 de Dezember de 2012

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin, Bildu-k, Nabai-k eta I-Ek haren kontra emandako botoarekin eta atxiki gabeko bi parlamentarien abstentzioarekin, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legea onetsi du gaur.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legeak, ukituak baditu ere, sozietateen gaineko zergari dagokionez, mantendu egiten ditu lau pizgarri fiskal garrantzitsuenak. Hau da, berrinbertsioagatiko salbuespenak oinarrizko osagarria izaten jarraitzen du, inbertsioetarako erreserba berezia malgutzen da, aktibo finko berrietako inbertsioagatiko kenkarirako zenbatekoa murrizten da (gutxieneko zenbateko bat eskatzen da) eta enplegua sortzeagatiko kenkaria hamabi hilabetez langile guztiak mantentzera baldintzatzen da.

Osoko Bilkurak UPNren, SNren eta PPNren in voce zuzenketa bat onetsi du (gainerakoen aurkako botoarekin). Zuzenketa aldi baterako araudi argi bat zehaztera bideratua dago, zertarako eta erreserba horren zenbatekoan berariazko funtsen handitzea mantentzeko epea 5 urtetatik 3 urtetara murrizteak sor ditzakeen egoerak arautzeko, bai eta inbertsioa egin ondoren zenbatekoa aplikatzeko ere.

3 urteko epe berria aplikatuko zaie 2012ko abenduaren 31n 5 urteko epearen baldintza (3ra murrizten zaie automatikoki) betetzeke dauden subjektu pasiboei. 5 urteko epe hori 42.1 eta 44.4 artikuluen jatorriko idatzian jasotzen da. Aitzitik, data horretan 5 urteko epea bete duten subjektu pasiboei ez zaie aplikatuko. Beraz, azken horiek epea bete beharko dute.

Bestalde, Legeak finantza gastuen kenkariari muga berriak jartzen dizkio, baita aurreko urteetako oinarri likidagarri negatiboei konpentsazioari ere. Neurri horiekin 18 milioi euro gehiago biltzea espero da.

Berrikuntza gisa, sozietateen gaineko zergaren kenkarien atalean, lanbide heziketarako jarduerak burutzeagatiko kenkaria % 15era handitzen da hizkuntzak erakustearekin zerikusia badute, bost puntu gehiago alegia.

Halaber, esportazioa sustatzeagatiko kenkaria sartzen da. Hartara, esportazio ratioa zabaltzen duten enpresek dagokien jardueran sortutako kenkariak 1,1ean biderkatzeko eskubidea izango dute (enpresa txiki eta ertainek 1,25ean). Horretarako, Estatutik at egindako salmenten ehunekoa aurreko ekitaldikoa baino 5 puntu handiagoa izan beharko da (urteko salmenta guztiaren gainean) edo esportazioak aurreko urtekoekin alderatuta % 10 handitu beharko dira.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 89. zk., 2012-11-05ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 99. zk., 2012-11-21ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 103. zk., 2012-12-07koa)
• Irizpena (1. eranskina)