Nafarroako Gobernua burtsan egiten dituen inbertsioak arautu ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk eta I-Ek haren alde emandako botoekin, atxiki gabeko bi parlamentarien abstentzioarekin eta Bildu-k eta Nabai-k haren kontra emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “burtsan inbertsioak egiteko baldintzak eta mugak ezar eta arau ditzan, bai akzioak bai enpresa pribatuetan parte hartzeko beste modu batzuk erosteko eta saltzekoak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen den “arautze horretan aintzat har dezan inbertsioak egiteari buruz Legebiltzarrari aldez aurretik informatzearen egokitasuna eta komenigarritasuna, eta egiten baldin badira, horien bilakaerari buruz”.
Horri dagokionez, Bildu-k ordezkatze zuzenketa bat proposatu du, PPNk (ekimenaren titularrak) bazter utzi duena, informatze hutsetik haratago joateko eta “operazio horiek onesteari dagokionez Nafarroako Gobernua derrigorrez Parlamentuaren erabakira makurtzeko”.
Halaber, onetsi den hirugarren atal batean, zehazten denez “inbertsio horiek aldez aurretik aztertu beharko dira negoziazio-plan baten bidez, zeinean adieraziko baitira lortu beharreko helburu estrategikoak eta beharrezkoak diren baliabideak eta baliabide horien jatorria, erosketa egiteko”.
Zioen azalpenean, PPNk bultzatutako ebazpena Comptos Ganberak Nafarroako Gobernuak 2007an Iberdrolaren akzioak erostearen egindako fiskalizazio txostenari dagokio eta, horri dagokionez, fiskalizazio organoak aholkatutakoa kontuan hartzearen alde egiten du, erosketa hori egiteko baliatutako bidea izan baitzen Nafarroako Gobernuak Sodena bezalako enpresa publiko bati erosketa-agindua ematea.