Publicada el Donnerstag, 27 de September de 2012

Lan merkatua aldatzeko premiazko neurriei buruzko 3/2012 Legearen aurka konstituziokontrakotasun errekurtso bat jartzea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, Lan Merkatua Aldatzeko Premiazko Neurriei buruzko 3/2012 Legearen 4. eta 14. artikuluen bat eta hiru idatz-zatien aurkako konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzea onetsi du gaur; Konstituzioaren 7., 24.1., 28., 35. eta 37. artikuluak urratzen dituztela eta Foru Komunitatearen autonomia arloan eragiten dutela irizten baita.

Eledunen Batzarrak hala eskatuta Ganberaren zerbitzu juridikoek helarazitako txostenak ondorioztatzen duenaren arabera, “3/2012 Legearen 14. artikuluaren lehenengo idatz-zatia, Langileen Estatutuaren 82.3. artikulua aldatzen duena, konstituzioaren kontrakoa da Espainiako Konstituzioak 24.1. artikuluan jasotzen duen tutoretza judizial eraginkorra izateko eskubidea urratzen baitu”.

Zehazten denez, konstituziokontrakotasunak araudiaren azken-aurreko paragrafoaren azken koma-tarteari bakarrik eragingo lioke, Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalak edo organo autonomiko baliokideak hartutako erabakiari “Langileen Estatutuaren 91. artikuluan xedatutako prozedurari jarraiki eta bertan ematen diren arrazoietan oinarrituta bakarrik hel egin lekiokeela” xedatzen baitu.

Halaber, Txosten juridikoak dioenaren arabera “3/2012 Legean jasotako gainerako neurriek ez dute Espainiako Konstituzioa urratzen”.

Azkenik, onartzen da Nafarroako Parlamentua legitimatua dagoela 3/2012 Legearen aurkako konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzeko.

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, 10ean egindako saioan, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek egindako Txostenaren jakinaren gainean zeudela adierazi zuten. Txostena lan merkatua aldatzeko premiazko neurriei buruzko 3/2012 Legeari helegitea jartzeko aukerari buruzkoa zen.

Parlamentuaren Erregelamenduaren 213. artikuluak xedatzen du Parlamentuko Osoko Bilkurari dagokiola Errege-lege Dekretu honen aurka konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzea egokia denetz ikustea, kontuan hartuta –egoki baderitzo- txosten horren zentzua.

· www.parlamentodenavarra.es