Publicada el Donnerstag, 19 de April de 2012

Nafarroako Gobernua gaixo kronikoentzako estrategia orokor bat presta dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak Osasun Departamentua “gaixo kronikoentzako estrategia orokor bat taxutu dezan” premiatzen duen ebazpena ahobatez onetsi du gaur.

Estrategia hori, bigarren puntu batean adierazten denez, “urtebeteko epean aurkeztuko zaio Nafarroako Parlamentuari, eztabaidatu eta onets dezan”.

Mozioak hirugarren puntu bat zuen, UPN eta SNk haren aurka emandako botoekin eta PPNren abstentzioarekin baztertu zena, estrategia horren diseinua “parte-hartzailea eta Osasun eta Gizarte Gaietako departamentuen artean koordinatua” izatera aholkatuz. Nabai, Bildu eta I-Ek eskainitako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Nabai-k bultzatutako ebazpenak, herrialde garatuek bezala, gaixotasun kronikoen eta endekapenezko gaixotasunen “prebentzioaren” alde egiten du. Izan ere, gaixotasun kronikoek “ondorio nabarmenak” dituzte gaixoaren bizi-egoerari dagokionez, “ezintasun maila handia” eragiterainokoa, baldin eta berez bilakatzen uzten badira.

Hori dela-eta, beharrei erantzuteko, planteamendu “integratzaile eta koordinatu” bat egitea beharrezkoa da, hala “osasun-sistemaren barruan” nola sistema horretatik harago, “kronikotasunarekin zuzenean lotutako erakundeekin, departamentuekin, programekin eta dispositibo erabilgarriekin (gizarte-laguntza, kirola, lan-osasuna)”.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 7. zk., 2012-01-19koa)