Publicada el Donnerstag, 22 de März de 2012

Nafarroako Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legea aldatzeko Legea onetsi dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPN, SN, Nabai, PPN eta I-Ek haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren abstentzioarekin, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatzeko Legea onetsi du gaur.

UPNk eta SNk aurkeztutako Foru Lege proposamenaren helburua da Nafarroako Gobernuak honako gain hartzeak gauzatu ditzan: Tafallako Udalaren zerbitzu terapeutikoa, Berriozarko Udalaren ginekologia, familiaplangintza eta emakumearen laguntzarako udal zerbitzua eta Orkoiengo Udalaren familia-orientazioko eta sexu-hezkuntzako udal zerbitzua.

Zerbitzu horiek hartzeak berarekin ekarriko du bitarteko pertsonalak eskualdatzea, halako moduz non funtzionarioak eta langileak Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoaren barne sartuko diren, betiere toki entitatean zeuzkaten “lan-baldintza beretan” eta lehengo lanpostuari “hobekien egokitzen zaizkion” lanpostuetan.

Osoko Bilkurak Bildu-k aurkeztutako aldaketa zuzenketa bat baztertu du. Zuzenketa horrek helburu zuen ziurtatzea “orain arte eskainitako udal zerbitzuen kokapen eta ezaugarrien aldaketa orok” dagokion Udaleko Osoko Bilkuraren, langileen eta Nafarroako Gobernuaren “berariazko akordioa” beharrrezko izatea. UPN, SN eta PPNk haren kontra bozkatu dute, eta Bildu, Nabai eta I-Ek alde.

Zioen azalpenean adierazten denez, hiru udal zerbitzu horiek “hondarrak” dira. Izan ere, toki entitateek arlo horretan zituzten eskumenak Gobernuak hartu ditu bai oinarrizko osasun laguntzan, bai laguntza espezializatuan.

Legeak 2001erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren 19/2000 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian aipatutako barne hartzeari ekiteko dagoen baimenean du jatorria.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 18. zk., 2012-02-17koa)