Publicada el Donnerstag, 8 de März de 2012

2009/12 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko 16/2008 Foru Legea aldatu eta haren indarraldia luzatzen duen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur, UPNk eta SNk alde emandako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Nabai-k eta Bildu-k kontra emandako botoekin, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea aldatu eta haren indarraldia luzatzen duen Foru Legea.

Irakurketa bakarrean izapidetua, Legeak “baliabideak malgutasunez eta eraginkortasunez kudeatzea” du helburu; krisi ekonomikoak eta toki entitateak zorpetzearen arloan arau-irizpide berriak aplikatu beharrak, Inbertsioen Plana motelago betetzea ekarri dute-eta.

Ildo horretan, Legeak Toki Inbertsioen egungo Planaren indarraldiaren luzapena ezartzen du, plan berria onetsi arte, eta Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio 2012tik aitzina baimentzeko gastu-konpromisoak hartzea eta egiazko gastuak egitea, erreserban sartuta dauden lanen zerrenda osatzeko, bai eta urgentzia nabarmeneko eta larrialdietako prozedurak erabiliz sartzen direnena ere.

Era berean, aldi baterako erregimena ezartzen da, obra egiteko bideragarritasun txostena lortuta, bideragarri deklaratu ondoren arauetan egindako aldaketen ondorioz bideraezin bilakatu diren toki entitateen kasurako.

Halaber, Legeak erraztu egiten du entitateek konprometitutako inbertsioei uko egiteko prozedura, baztertutako inbertsioei arauak ematen zien tratamendua emanez, inbertsio horiek, hartara Planari atxikirik jarrai dezaten.

Nabai-k (12) eta Bildu-k (2) egindako zuzenketak, besteak beste, Planaren luzapen aldia zehaztera (2013raino gehienez ere) zuzendua, UPN, SN eta PPNk kontra emandako botoekin eta I-Eren abstentzioarekin baztertu dira.

Nabai-k, gainera, Nafarroako Gobernuak, hilabete bateko epean, gauzatzeke dagoen Planaren zenbateko ekonomikoa Ganberan aurkeztea nahi zuen. Era berean, proposatzen zuen hitzartutako lanen hasiera epeak murriztea, erabaki askeko inbertsio funtsen zenbatekoa %30 zabaltzea eta “kasu guztietan” plan zuzentzaileetan ekarpen ehunekoa %90era handitzea.

Bildu-k ordea 2011ko azaroan Nafarroako iparraldean emandako uholdeek eragindako lanak “lehentasunez” gehitu nahi zituen.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 20. zk., 2012-02-24koa)